Itxi

Zinema

Martxoak 1-14

Presentziala eta birtuala izango da Zinegoaken 18. edizioa

N.V. | EiTB Media

Martxoaren 1etik 14ra egingo dute Bilboko Gaylesbitrans 18. Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdia, “Genero izpirik gabe” lelopean.

  • Zinegoak 2021

    Helena Goñi argazkilariak sortu du Zinegoaken kartela

"Genero izpirik gabe" leloa aukeratu du Zinegoak jaialdiak bere 18. ediziorako. Bilboko Gaylesbitrans 18. Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdia aurrez aurre eta modu birtualean egingo dute, osasun-egoerak ezartzen dituen neurrietara egokituta; jaialdiak online bertsioa izango du Filmin plataforman. Zinegoaken eskainiko diren hainbat lan ikusi ahalko dira bertan.

Edizio honetako kartelaren egilea Helena Goñi argazkilaria da, eta, Pau Guillen jaialdiaren zuzendariak horri buruz esan duenez, "Goñiren irudian ikus dezakegu belaunaldi berriek naturaltasunez bizi dutela euren genero-identitatea".

Aurrez aurre eta modu birtualean

Jaialdia bertatik bertara eta modu birtualean jarraitu ahalko da aurten. "Gure hasierako nahia izan da jaialdia aurrez aurre antolatzea eta asmo horri eutsiko diogu", nabarmendu du Guillenek. "Zinegoaken indarra bere publikoa da, aretoetara gerturatzen den jendea, baina badakigu aurreikuspenarekin jokatu behar dugula eta, egoera kontuan hartuta, ahalegina egin behar dugula jaialdia etxeetaraino ere eramateko".

Gainera, programazioa zabaltze aldera, Lekeition ere antolatuko dituzte proiekzioak aurten, eta martxoaren 14tik aurrera Euskal Herriko hainbat herritara eramango dute Zinegoaken uzta.