Zinema
Euskararen Eguna
Euskarazko film laburren emanaldia, eitb.com-en
Erredakzioa
Abenduaren 3an, 17:00etan, euskarazko lanak ikusi ahal izango dira, streaming bidez.
-
Koldo Almandozen 'Ahate pasa'.
Abenduaren 3an, Euskararen Eguneko ospakizunekin bat egingo du eitb.com-ek, euskarazko film laburren emanaldi bat eskainita. Arratsaldeko bostetatik aurrera, 'Ahate pasa' (Koldo Almandoz), 'Ondar Ahoak' (Angel Aldarondo), 'Gartzela' (Iban Lizarralde), 'Pim pam pum' (Andoni de Carlos eta Asier Urbieta), 'Amona Putz!' (Telmo Esnal), eta 'Artalde’ (Asier Altuna) lanak ikusi ahal izango dira, streaming bidez.
'Ahate pasa' Koldo Almandozen lana eta 'Amona Putz!' Telmo Esnalen filma Kimuak 2009 katalogoan daude eta nazioarteko jaialdi ugaritan saritu zituzten estreinatu zituzten urtean; Almandozen film laburra Brasilen, Italian, Kolonbian eta Errusian saritu zuten eta 'Amona Putz!' Bartzelonako Curt Ficcionsen, Arrigorriagako umorezko film laburren jaialdian eta Lekeitioko Euskal Zine eta Bideo Bileran, besteak beste.
'Ondar Ahoak' (Angel Aldarondo) eta 'Artalde' (Asier Altuna) Kimuak 2010 katalogorako aukeratu zituzten. Aldarondoren lana San Diegoko (AEB) film labur jaialdian saritu zuten. 'Artalde', berriz, Zinebiren 52. edizioan saritu zuten, besteak beste.
Andoni de Carlosek eta Asier Urbietak 2008an grabatu zuten 'Pim Pam Pum'. Urte horretan, Estatuko film labur jaialdietako zirkuituan aurkeztu zuten, eta sari ugari eta arrakasta handia jaso zituzten. ‘Pim, pam, pum’ film laburrak Mikelen istorioa kontatzen du, etxera itzultzean arazorik izan nahi ez badu anaia aurkitu behar duen mutiko batena.
Iban Lizarralde oñatiarraren lehen film laburra da 'Gartzela'. Gasteizko Cortadan, Lekeitioko Euskal Zine eta Bideo Bileran, eta Beasaingo film labur jaialdian saritu zuten.
Film labur hauek ikusi ahal izango dira abenduaren 3an, 17:00etatik aurrera, eitb.com-en:
'Ahate Pasa', Koldo Almandoz
'Ondar Ahoak', Angel Aldarondo
'kartzela', Iban Lizarralde
'Pim Pam Pum', Andoni de Carlos eta Asier Urbieta
'Amona Putz!', Telmo Esnal
'Artalde', Asier Altuna