Itxi

Zinema

Gala híbridoa

“Ane”, “Akelarre” eta “Baby”, inoizko Goya atipikoenetan

N. V. | EITB Media

"Solo son peces" eta "Homeless home" laburrek ere ordezkatuko dute euskal zinema, 166 izendatuak telematikoki konektatuta hartuko dituen gala hibridoan.

1:26
Irudirik gabe

Duela urtebetetik guztia bezala, Goya Espainiako Zinema Akademiak banatzen dituen sariak emateko gala ere ezberdina izango da. 35. edizioaren egoitza Malaga izango da, baina 166 izendatuek Internet bidez konektatuta hartuko dute parte.

Antonio Banderasek, Maria Casado katalan kazetariarekin batera galaren ardura duen aktoreak aurreratu duenez, gonbidatu kopuru mugatuaren aurrean, egungo zinemaren izen handien mezuak entzun ahal izango dira galan, hala nola Robert de Niro, Al Pacino, Dustin Hoffman, Helen Mirren, Charlize Theron, Isabelle Huppert, Monica Bellucci, Salma Hayek, Sylvester Stallone, Benicio del Toro, Emma Thompson, Ricardo Darín eta Laura Dernenak. 

Euskal filmak

Euskal zinema ordezkatzen, “Akelarre” (bederatzi izendapen), “Ane” (bost, pelikula onenarena tartean), “Baby” (bi izendapen) eta “Solo son peces” eta “Homeless home” film laburrak, bakoitza izendapen batekin, egongo dira.

"Ane" David Perez Sañudo zinemagilearen lehen film luzea da, eta EITBren parte-hartzea du. Film, emakumezko aktore protagonista (Patricia Lopez Arnaiz), zuzendari berri (David Perez Sañudo), gidoi egokitu (David Perez Sañudo eta Maria Pares Pulido) eta emakumezko aktore berri (Jone Laspiur) onenen ataletan dago izendatuta.

JONE LASPIURRI (EMAKUMEZKO AKTORE BERRI ONENAREN SAILEAN IZENDATUTA) ELKARRIZKETA

Jone Laspiur: "Antzezle lana ez zen aukera bat niretzat"

“Akelarre”, EITBren parte-hartzea duen beste film bat, bestalde, bederatzi ataletan lehiatuko da: emakumezko aktore protagonista (Amaia Aberasturi), ikusizko efektu onenak (Mariano García Marty, Ana Rubio), makillaje eta ile-apainketa onena (Beata Wotjowicz, Ricardo Molina), jantzien diseinu onena (Nerea Torrijos), zuzendaritza artistiko onena (Mikel Serrano), soinu onena (Urko Garai, Josefina Rodriguez, Frédéric Hamelin, Leandro de Loredo), jatorrizko musika onena (Aránzazu Calleja, Maite Arroitajauregi Mursego), ekoizpen zuzendaritza onena (Guadalupe Balaguer Trelles) eta argazkilaritza zuzendaritza onena (Javier Agirre).

AMAIA ABERASTURIRI (EMAKUMEZKO AKTORE ONENAREN SAILEAN IZENDATUTA) ELKARRIZKETA

Amaia Aberasturi: "Oso pozik nago 'Akelarre'n egindako lanarekin"

Halaber, Juanma Bajo Ulloa gasteiztar zinemagilea (“Baby”) zuzendari onenaren atalean izango da hautagai. Pelikula horretarako Bingen Mendizabalek eta Koldo Uriartek eginiko musika ere, gainera, jatorrizko musika onenaren atalean aukeratu dute.

JUANMA BAJO ULLOARI (ZUZENDARI ONENAREN ATALEAN IZENDATUTA) ELKARRIZKETA

Bajo Ulloa: "Ezin diot utzi mundua mirarien agertoki handi gisa ikusteari"

Film laburrei dagokienez, "Solo son peces" Ana Serna eta Paula Iglesiasen lana izendatuta dago arlo dokumentalean. “Homeless home” animaziozko film laburra, Ivan Miñambresek ekoitzia eta Ramon Barea eta Kandido Urangaren ahotsa duena, ere izendatuta dago, dagokion ataletan. Eta Barea bera du protagonista "Gastos incluidos" Javier Macipe aragoiarraren lanak, zeina fikziozko atalean izendatuta baitago.

PAULA IGLESIAS RODRIGUEZ "SOLO SON PECES"EN (FILM LABUR DOKUMENTAL ONENERAKO IZENDATUTA) ZUZENDARIAREKIN ELKARRIZKETA

"Zinema gizartea eraldatzeko tresna gisa irudikatzea gustatzen zaigu"