Itxi

Zinema

Estreina

"Natura bizia": Hego Euskal Herriko biodibertsitatea, pantaila handian

N. V. | EITB Media

Lexeia Larrañagak EITB Mediaren parte-hartzearekin filmatutako dokumentala zinema aretoetara iritsiko da gaur, ostiralarekin.

1:21
'Natura Bizia' dokumentala

Lexeia Larrañaga de Valek (Oñati, 1985) beti nahi izan du natura erakutsi, txikitan BBCren dokumentalak ikusten zituenetik. Orain, beste hainbat lan egin eta gero, “Natura bizia” lana dakar zinema aretotara, Hego Euskal Herriko biodibertsitateari buruzko dokumentala.

“Itsaslabar malkartsuak, itsaso amaigabea, magiaz beteriko basoak, kareharrizko mendi altuak” eta beste bildu dituzte 81 minutuko pelikulan, 280 egunez besteak beste, Barrikan, Urdaibain, Zumaian, Hondarribian, Urkiolan, Gorbeian, Aizkorrik, Aralarren, Toloñon, Iratin, Bardean, Irunberrin, Salvadan eta Salburuan filmatu eta gero.

Faunari dagokionez, “munduko zetazeo handienen artean egingo dugu igeri, hartz arrearen lozorroaren ondorengo lehen pausoez disfrutatuko dugu eta mendietako hegazti ospetsuena den ugatzaren alboan egingo dugu hegan”, pelikularen arduradunen hitzetan.

“Gure ondare naturaleko txoko eta izaki harrigarrienetako batzuk ezagutzeko bidaia zoragarria” da filma, egileen esanetan, eta ostiraletik, apirilak 16, aurrera egongo da ikusgai, Bilbon (Alondegia eta Multicines), Donostian (Principe), Gasteizen (Florida) eta Iruñean (Golem La Morea eta Golem Yamaguchi).  

Pelikula zortzi ataleko sail ere bihurtu dute, eta Euskal Telebistak eskainiko du, udan.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Zinema
  • Kultura