Zinema
Hautagaiak
Goya sariak: 'La piel que habito' vs 'No habrá paz para los malvados'
Pedro Almodovarren filmak 16 hautagaitza jaso ditu eta Enrique Urbizurenak 14.
Otsailaren 19an jakinaraziko dituzte 2012ko Goya sarien irabazleak Madrilen, baina gaur hautagaiak eman dituzte jakitera. Faboritoak Pedro Almodovarren 'La piel que habito' (16 izendapen lortu ditu) eta Enrique Urbizuren 'No habrá paz para los malvados' (14) lanak dira. Gainera, 'Eva' filmak 12 sari eskuratu ditzake eta 'Blackthorn' pelikulak, berriz, 11.
Film laburren atalean Euskal Herriko lanak dira nagusi: 'Birdboy' eta 'Quién aguanta más' lanek animaziozko film labur onenaren saria eskuratu dezakete. 'Virgen negra', bere aldetik, dokumental labur onenen artean dago. "Papa soy una zombi" Kataluniako eta Euskal Herriko ekoizpena da eta animaziozko film luze onenen artean dago.
2012ko Goya Sariak otsailaren 19an emango dituzte, Madrilgo Kongresu Jauregian, eta gala Eva Hachek zuzenduko du.
Jose Coronado, Antonio Banderas, Daniel Bruhl eta Luis Tosar dira aktore onenaren saria eskuratzeko hautagaiak, eta, emakumezko aktore onenaren sariari dagokionez, Verónica Echegui, Salma Hayek, Elena Anaya edo Inma Cuesta aktoreak lortuko dute.
Zuzendari onenaren saria Mateo Gilentzat, Pedro Almodovarrentzat, Benito Zambranorentzat edo Enrique Urbizurentzat izango da.
Azkenik, eta duela aste batzuk jakinarazi zutenez, Josefina Molina zinemagileak jasoko du Ohorezko Goya saria.