Zinema
Zinema sariak
Almodovar eta Urbizuren zinema beltza, faboritoak 2012ko Goya sarietan
Erredakzioa
Zinema sarien XXVI. edizioaren aurkezle lanak beteko ditu Eva Hachek. Aurten, izendapen kopuru handiena duten No habrá paz para los malvados eta La piel que habito filmen arteko lehia espero da.
Espainiako zinemak Goya sarien XXVI. edizioa ospatuko du gaur gauean. Eva Hachek gidatuko du sari banaketaren ekitaldia eta adituek diotenez, Pedro Almodovarrek zuzendutako La piel que habito eta Enrique Urbizuren No habrá paz para los malvados filmen arteko lehia espero da. Izan ere, bi film hauek sarietarako izendapen kopuru handiena dute.
Almodovarren filmak 16 izendapen ditu eta Erresuma Batuko Bafta sarietan golardo bat lortu ostean, baliteke azken urteetan Zinema Akademiarekin izandako liskarrak amaitutzat ematea eta Akademiako kideekin azkenik adiskidetzea.
Urbizuren zinema beltzak 14 izendapenekin hubiletik jarraituko dio Almodovarri. No habrá paz para los malvados "thriller"ak Jose Maria Forque sarien eta Zinemagintzako Idazleen Elkarteko babesak ditu.
Bestalde, Mateo Gilek zuzendutako Blackthorn eta Benito Zambranoren La voz dormida filmak pelikula eta zuzendari onenen sariak eskuratzeko lehian izango dira.
Eva Hache komikoa izango da gaurko ekitaldiaren aurkezlea eta bertan hainbat zalantza argituko dira tartean, nork irabaziko duen aktore onenaren saria, Antonio Banderasek, Daniel Brühlek, Luis Tosarrek edo Jose Coronadok (gizonezkoen kasuan) eta Elena Anayak, Inma Cuestak, Veronica Echeguik edo Salma Hayekek (emakumezkoen kasuan).
Ezagutzen den irabazle bakarra 2012ko Ohorezko Goya sariaren jabea da. Aurten Josefina Molina zuzendariari eman diote joan den urtarrilaren 28an izendatu guztiekin egindako ekitaldian.
Glamourra alfonbra gorrian
Ekitaldia hasi baino lehen, gonbidatuek alfonbra gorritik igaro beharko dute eta Vicente Ruiz sarien estilistak iragarri duenez, gaza, zeta, "nude" eta xanpain koloreak, besteak beste, izango dira gonbidatuen jantzien protagonistak.
Izendatutako film laburrak, eitb.com-en zuzenean
Ahobizarra kentzeko, eitb.com-ek Goya sarietarako hautagai diren Euskadiko lau film laburrak emitituko ditu streaming bitartez arratsalde honetan 17:00etatik aurrera: Alberto Vazquezek zuzendutako Birdboy, Gregorio Muroren Zeinek gehiago iraun, Raul de la Fuentek zuzendutako Virgen negra eta euskaldun baten bizitzan oinarritutako bat Alma film laburra (Jose Javier Perez Prietok egindakoa).