Zinema
Jardunaldiak
Publikoak erabakiko du zeinek irabaziko duen Euskal Zinemaren Astean
'Anfitrioi berezia', 'No habrá paz para los malvados' Goya sarietako irabazlea edo Alex de la Iglesiaren 'La chispa de la vida' eskainiko dituzte, besteak beste.
-
José Coronado 'No habrá paz para los malvados' lanean. Argazkia: Zinemaldia
Publikoak erabakiko du zein film labur eta luzek irabazten duen Vital Kutxak Gasteizen antolatzen duen Euskal Zinemaren Asteko 28. edizioan.
Zinema ekitaldia otsailaren 27tik martxoaren 3ra bitartean izango da eta egunero film labur bat eta film luze bat eskainiko dute Vital Kutxako Fundazioan, bi zuzendariek parte hartuko dutelarik. Nobedade bezala, Euskal Zinemaren Asteko edizio honetan publikoak botoa emateko paper bat jasoko du eta jasotzen diren proposamenen artean irabazlea erabakiko dute.
Galder Gaztelu-Urrutiak "La casa del lago" aurkeztuko du eta Telmo Esnalek "Urte berri on, amona!, otsailaren 27an. Hurrengo egunean Jose Mari Goenaga "Lagun mina" lanarekin izango da eta Javier Rebollok "Anfitrioi berezia" luzea aurkeztuko du.
29an Ivan Casoren "Muy cerca" izango da ikusgai eta baita Alberto Gorritiberearen "Arriya. La piedra" ere. Ostegunean Haritz Zubillagaren txanda izango da "She's lost control" film laburrarekin. Alex de la Iglesiak, bere aldetik, "La chispa de la vida" aurkeztuko du. Ume eta gazteek ere tokia izango dute Euskal Zinemaren Astean, martxoaren 1ean "Gartxot" proiektatuko baitute, Asisko Urmenetarekin eta Juanjo Elordirekin.
Egun horretan bertan Sergio Barrejonen "La media pena" film laburra izango da ikusgai eta baita Enrique Urbizuren "No habrá paz para los malvados" ere, azken Goya sarietan sei sari eskuratu dituen lana, hain zuzen ere.
Azken egunean Aritz Morenoren "Bucle" proiektatuko dute eta Eterio Ortegaren "Al final del túnel". Emanaldietarako sarrerak sesioak hasi baino ordu erdi lehenago eskuratu daitezke Vital Kutxako Fundazioko Aretoan, hiru eurotan, baino Kutxabankeko txartelak erakutsiz, bi eurotan sartu ahal izango dira.