Zinema
Zikloa
Euskal lehioa Nantesko zinemaldian
Alex de la Iglesiari omenaldia egingo diote eta 'La chispa de la vida' azken lana aurrestreinatuko dute Frantzian. Bernardo Atxagaren lanaren eta zinemaren arteko erlazioa gogora ekarriko dute.
Nantesko Festival du Cinéma Espagnolen 22. edizioak euskal errepresentazio zabala izango du martxoaren 25era bitartean, azken 12 urteotan egin duten bezala.
Alex de la Iglesiari omenaldia egingo diote: Frantziako "La chispa de la vida" filmaren aurrestreinaldia egingo dute eta Nantesko operaren zuzendariak aurkeztuko du jaialdia irekitzeko.
"Bernardo Atxaga zineman" zikloan euskal idazle garrantzitsuenarengana hurbilduko dira eta bere eleberrietan oinarritutako hiru pelikulak izango dira ikusgai: Montxo Armendarizen "Obaba", Imanol Rayoren "Bi anai" eta Aizpea Goenagaren "Zeru Horiek".
Aurtengo euskal pelikulari onenak jaialdiko sailetan izango dira: Montxo Armendarizen "No tengas miedo" (2011), Telmo Esnalen "Urte berri on, amona" (2011) sail ofizialean, Imanol Rayoren "Bi anai" (2011) Borau-Opera Prima Fundazioaren sarirako hautagai da eta Enara Goikoetxearen eta Iurre Telleriaren "El último paso" (2011) Dokumental Onenari sarirako hautagai da.
Baina bozeramaile gehiago izango dira: Asier Altunaren "Bertsolari" (2011) eta Pedro Aguileraren "Naufragio" (2011) lanez gain, Gotzon Elortzak oso-osorik euskaraz egindako lehen lana izango da ikusgai (Euskal Filmategiak zaharberritu du). 2011ko Kimuak ekimeneko lanak ere Nantesen izango dira eta film labur onenaren saria eskuratzeko hautagai dira: "Lagun mina" (José Mari Goenaga), "Zeinek gehiago iraun" (Gregorio Muro), "Bucle" (Aritz Moreno), "She’s lost control" (Haritz Moreno) eta "La media pena" (Sergio Barrejón).