Zinema
Heriotza
Sidney Poitier hil da, aktore onenaren Oscar saria eskuratu zuen lehenengo protagonista beltza
eitb media
94 urte zituela hil da Bahametan. Bere filmografia zabalak ateak ireki zizkien aktore afroamerikarrei, eta laguntza handia izan zen eskubide zibilen defentsarako.
-
Sidney Poitier, artxiboko irudian. Argazkia: Efe
Sidney Poitier Hollywoodeko lehenengo izar beltza hil da 94 urte zituela, 50 urteko ibilbidea eginda, eta ondare zabala utzita.
1964an, "Lilies of the valey" filmagatik, aktore onenaren Oscar saria eskuratzen zuen lehenengo aktore beltza izan zen, baina horrez gain, eskubide zibilen aldeko mugimenduaren sinbolo bilakatu zen Hollywooden, industriako izar handiena izatearekin batera.
Bahametako Atzerri Ministerioak baieztatu du aktorearen heriotza. 1927an Miamin jaio bazen ere, bertan hazi zen, gurasoak Cat irlakoak baitziren.
Hollywoodeko idolo handia izan zen jatorri bahamarreko aktore, zuzendari, ekintzaile eta diplomazialari estatubatuarra, eta 50 filmetik gorako filmografia osatu zuen, tartean "To sir, with love", "In the heat of the night" eta "Guess who's coming to dinner", 1967ko ekainetik abendura estreinatu zirenak, kaleak beltzen eskubideen alde sutan zeudenean.
AEBetako arrazakeria zuten hizpide Poitierren lanek, eta horrek afroamerikarren eta zurien arteko hesiak gainditzen lagundu zuten, eta industriaren lehenengo izar beltz handiaren sorrera ekarri zuten.
Bere pelikuletan agerian geratzen zen estatubatuarren zatiketa, baina baita borroka alde batera utzi eta elkar hartzeko nahia ere. Erresistentziaren irudia zen Poitier, eta duintasunaren gidaria, zineak berdintasunaren aldeko heroi bat eskatzen zuen garai horretan.
Poitierrek, rol hori hartzeaz gain, kontzientziak mugitzeari ekin zion.
"Ni hasi nintzenean, pelikuletan agertzen ziren beltzek estereotipo txarrak betetzen zituzten: pailazoak, maiordomo txarrak, gizarteratu gabeak… Topiko horien parte ez izatea erabaki nuen. Nire seme-alabek euren burua zineman islatuta ikustea nahi dut", azaldu zuen aktoreak 1967an.
Poitier AEBetan jaio izana zoriaren kontu bat izan zen. Bere gurasoak, bahamarrak eta tomate etxalde baten jabeak, Miamira joan ziren uzta saltzera, eta ama ezustean erditu zen bertan, zegokiona baino lehenago.
Poitier 1927ko otsailaren 20an jaio zen Miamin, baina Cat Islanden hazi zen sei anaiekin batera, Bahametan, 10 urte bete zituen arte. Handik Nassaura joan zen, eta ondoren Floridara, anaia nagusietako batekin bizitzera.
"The last brickmaker in America" telefilmean egin zuen azken aktore lana, 2001ean, eta urtebetera, ohorezko Oscar saria jaso zuen Denzel Washingtonen eskutik, bere oinordekoaren eskutik.
Poitierrek, saria jaso zuenean, hauxe esan zuen: "Nire aurretik, urte zailenetan, borroka egin zuten aktore afroamerikar guztien omenez onartzen dut sari hau".
Azken agerraldi publikoa 2014ko Oscar sarien banaketan egin zuen, Angelina Jolierekin batera sari bat ematen, eta 2016an ohorezko Bafta saria eskuratu zuen.