Itxi

Zinema

Otsailak 10-20

François Ozonek abiatuko du Berlinaleko Sail Ofiziala

N. V. | EITB Media

"20.000 especies de abejas" Estibaliz Urresolaren filmak Berlingo jaialdiaren koprodukzio azokan parte hartuko du.

  • François Ozon, 2012ko Zinemaldiko Urrezko Maskorra jasotzen. Argazkia: Efe.

    François Ozon, 2012ko Zinemaldiko Urrezko Maskorra jasotzen. Argazkia: Efe.

Berlinalek aurrez aurreko jarduera berreskuratuko du aurtengo edizioan, eta François Ozon frantses zinemagileak zabalduko du Sail Ofiziala. Osasun egoeraren ondorioz, sail horrek, gainera, 10 egun barik sei egun iraungo du, jaialdian ez da jairik egongo eta aretoetarako sarbidea kontrolpean jarriko dute.

Alfonbra gorria, nolanahi den, zabaldu egingo dute, eta berorren gainetik ibiliko dira lehiaketan parte hartuko duten 18 filmetako aktoreak, hala nola Juliette Binoche, Vincent Lindon, Isabelle Adjani, Hanna Schygulla, Valeria Bruni Tedeschi eta Charlotte Gainsbourg.

Isabelle Hupperten omenezko gala bat ere izango da, berak jasoko baitu jaialdiaren omenezko Urrezko Hartza.

Ozon seigarrenez joango da Berlinera, oraingoan "Peter von Kant" aurkeztera, eta lehiakide izango ditu Isaki Lacuesta bi Urrezko Maskorren irabazlea, Carla Simón, Claire Denis, Mikhael Hers, Phyllis Nagy eta Hong Sang-soo, besteak beste.

"20.000 especies de abejas"

"20.000 especies de abejas" Estibaliz Urresolaren pelikula egitasmoak, bestalde, Berlinale Co-Production Marketen parte hartuko du, bigarren urtez jarraian on line egingo den edizioan. Ekoizleak nazioarteko koproduktoregai eta salmenta agenteekin, banatzaileekin eta eduki plataformen ordezkariekin harremanak egiten saiatuko dira bertan, filmari bultzadatxoa emateko.

"20.000 especies de abejas"ek Luciaren istorioa du kontagai, denek Aitor deitzen dioten 6 urteko neska zakildunarena. Uda iristeko irrikan dago, eskolako giro itogarria atzean uzteko.

Luciaren ama, Ane, berriz, egoera ezkutatzen saiatuko da herrian, "deskonektatu" eta atseden hartzeko. Bien asmoak, baina, zapuztu egingo dira, bizitza betiko aldatuko dien udan.