Itxi

Zinema

Zinegoak

Albertina Carri argentinarrak jasoko du Zinegoaken Ohorezko Saria

N. V. | EITB Media

Otsailaren 28an emango diote Bilboko LGTBI+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiaren saria argentinar zinemagile eta ekintzaileari, inaugurazio ekitaldian.

  • Albertina Carri. Argazkia: Jetmir Idrizi.

    Albertina Carri. Argazkia: Jetmir Idrizi.

Albertina Carrik Zinegoaken sari nagusia jasoko du otsailaren 28an, Arriaga antzokian egingo den inaugurazio ekitaldian. Jaialdiak zuzendari argentinarraren obrari buruzko ziklo berezia antolatu du, gainera.

Alaitz Arenzana Zinegoakeko zuzendari artistikoak azpimarratu duenez, "Hego Amerikako sortzaile belaunaldi berri baten ahotsik nabarmenetakoa da. Bere lana etengabeko esplorazio bat da, begirada hegemonikotik kanpo geratzen den guztiari ikusgarritasuna emateko, hizkuntza propioen bidez".

Albertina Carrik hainbat film labur egin ditu, hala nola Excursiones, Aurora, Historias de Argentina en vivo eta Barbie también puede estar triste (laurak ere 2001ekoak), Fama (2003), De vuelta (2004) eta Restos (2010).

Carrik gurasoen hutsunea islatu du bere lanetan, Los rubios (2003) eta Cuatreros (2017) film luzeetan adibidez, Roberto eta Ana Maria aita-amak Argentinako diktadura militarraren garaian bahitu eta desagerrarazi baitzituzten. Gainera, sexualitatea ere landu du bere zinemagintzan, "arau, patroi eta jarrera normatiboen aurrean askatasuna eta autonomia aldarrikatuz": Geminis (2005), La rabia (2008) eta Las hijas del fuego (2018).

Zinemaz gain, Carrik telebistarako saioak ere sortu ditu, eta Asterisco LGTBI+ Nazioarteko Zinemaldiaren sortzailea ere bada.

Martxoaren 1etik 4ra, Carriren hainbat lan eskainiko dituzte BilbaoArten, eta otsailaren 27an Las hijas del fuego proiektatuko da, 18:30ean BBK Aretoan.

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena