Itxi

Zinema

Saria

'Bellflower' filmak irabazi du FANT jaialdia

Estatu Batuetako filmak gidoi onenaren saria eskuratu du, gainera. Mailari altuena film laburren sailean izan da, eta 'Suiker' saritu dute.

  • Jorge Guerricaechevarría, Desireé de Fez eta Alex Angulo, FANTeko epaimahaia. Argazkia: FANT

    Jorge Guerricaechevarría, Desireé de Fez eta Alex Angulo, FANTeko epaimahaia. Argazkia: FANT

Desireé de Fezek, Jorge Guerricaechevarriak eta Alex Angulok osatutako Bilboko XVIII. Zinemaldi Fantastikoaren epaimahaiak Evan Glodell zinemagile estatubatuarraren "Bellflower" film luzeari eman dio film onenaren FANT 2012 saria. Horrez gainera, aipamen berezia eman dio Nicolas Golbart argentinarraren "Fase 7" filmari.

FANT zinemaldiaren 18. edizioko epaimahaiak azpimarratu du film luze sarituak ederki lortzen duela "artifizioaren eta fantasiazko eta beldurrezko zinemaren bitarteko batzuen bidez naturaltasun eta errealismo sentsazioa ematea". Epaimahaiaren saria ez ezik, "Bellflower" filmak Euskal Gidoilarien Elkarteak emandako gidoi onenaren saria ere jaso du.

"Fase 7" filmak jaso duen aipamen bereziari dagokionez, epaimahaiak azpimarratu duenez, "oso originala da gaur egungo zineman modan dagoen apokalipsiari beste ikuspuntu batetik heltzeko hartzen den ikuspegia eta erabiltzen den umorea".

Film laburren sailean, epaimahaiak Jeroen Annokkee holandarraren "Suiker" lanari eman dio film labur onenaren saria. "Eszenaratzearen eta ikuspegiaren asmamenaren arteko oreka zorrotza eta laburra da, eta umore beltz bikaina jartzen du agerian", azaldu du epaimahaiak. Halaber, epaimahaiak Haritz Zubillagaren "She's lost control" lanari eman dio euskal film labur onenaren saria, eta "generoko zinemaren hainbat tradizio nahasiz egin duen proposamena" balioetsi du. Bestalde, Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren ikus-entzuleek Ander Fernandez euskal zuzendariaren "El Nido" lanari eman diote boto gehien eta, horrenbestez, film labur onenaren saria lortu du.