Zinema
Zinemaldia
60 urte mugitzen
Mugitzen ari den 60 zenbakiak iragartzen du Donostiako Zinemaldiaren 60. edizioa. Irailaren 21etik 29ra izango da aurten.
Donostia Zinemaldiaren 60. edizioaren irudi berria aurkeztu dute, Donostiako Eureka! Zientzia Museoan egindako ekitaldi batean. Bertan, Donostia Zinemaldiak kartel-lehiaketako irabazleak zein izan diren jakinarazi du; hain zuzen ere, Sail Ofizialerako, Zuzendari Berrietarako, Zabaltegirako eta Horizontes Latinos sailerako aukeratutakoak.
Hauexek izan dira irabazleak: Kartel ofiziala 60 Cine(tico) izan da, Ángel Caño diseinatzaile donostiarrarena (Eurosíntesis estudioko zuzendaria). Zuzendari Berrien kategorian, Quién es quién kartelak irabazi du (Pedro Rodríguez diseinatzaile autonomoa, Donostian bizi dena, Valentina Adorniren argazki batean oinarrituta). Zabaltegi sailerako, berriz, El planeta de los zimios kartela izan da garaile (Iñigo Beldarrain diseinatzailearena; Donostiako Horigami estudioko fundatzailea, bertan lan egiten du gaur egun). Horizontes Latinos kategorian, Latin City kartela izan da garaile (Toni Pontí katalanarena, Ruiz&Pontí kolektibo artistikoko kide).
Zinemaldiko Sail Ofizialeko kartelaren diseinatzaileak, Ángel Cañok, honela definitu du bere lana: "Gure xedea 60 zenbakiari erabateko garrantzia ematea zen, kartelaren elementu nagusi gisa. Aurtengo edizioko sinbolo eztabaidaezin izatea nahi genuen, bizitza edukitzea". Esan duenez, errotulazioko kolore gorria zinema-izarrek zapaltzen duten alfonbra gorriarekin lotuta dago, eta, horrenbestez, glamourrarekin ere bai.