Itxi

Zinema

''Las chicas están bien''

Itsaso Aranak bukatu du zuzendari gisa egindako lehen pelikula filmatzen

N. V. | EITB Media

Nafar zuzendari, aktore eta gidoilariak "udako ipuin bat" kontatu du "Las chicas están bien" filmean, "printzesak, apoak, errekak, kartak eta printze despistatuak ere badituena".

  • Itsaso Arana, "Las chias están bien" filmatzen

    Itsaso Arana, "Las chias están bien" filmatzen

Itsaso Arana nafar aktore (La reconquista, Tenéis que venir a verla, Las altas presiones) eta gidoilariak (La virgen de agosto, Jonas Truebaren filma) bukatu du zuzendu duen lehen pelikula, Las chicas están bien, filmatzen. Haren hitzetan, "udako ipuin bat" da filma, "printzesak, apoak, errekak, kartak eta printze despistatu bat ere badituena".

Barbara Lennie, Irene Escolar, Itziar Manero, Helena Ezquerro eta Itsaso Arana dira protagonistak: bost aktore elkarrekin biziko dira egun batzuetan, antzezlan bat prestatzeko, ohiko mundutik at dagoen errota zahar batean.

Istorioak antzezlan bat biltzen du barruan, baina "ipuin bat, sorginkeria baten historia" ere bada.

"Hizpide du nola ipuinek eta emakumezkoei buruzko irudikapenek gorpuztu eta mindu ere egiten gaituzten. Baina hori baino gehiago, maitasunari buruzko filma da", azaldu du Aranak.  

1985ean Tafallan jaioa, Aranak ibilbide luzea du sortzaile gisa. Testu interpretazioan lizentziaduna da, eta La Tristura arte eszenikoen taldearen sortzaileetako bat da, zeinekin Actos de juventudAños 90… eta Materia prima lanak ondu baititu zuzendari eta aktore gisara han-hor-hemen taularatzeko.

Las chicas están bien 2023an estreinatu nahi dute zinema aretoetan.