Itxi

Zinema

Donostian

Albert Serra, Mikel Gurrea, Pilar Palomero eta Alauda Ruiz de Azua, Zinemagileen arteko elkarrizketetan

N. V. | EITB Media

Azaroaren 3an hasi eta maiatzaren 26an bukatuko dira Donostiako Zinemaldiak antolatu dituen topaketak. Doako saioak izango dira, Koldo Mitxelena kulturuneko areto nagusian eta streaming bidez ere ikusi ahalko dira.

  • Parte-hartzaile zerrenda oso interesgarria eskaintzen du aurtengoak

    Parte-hartzaile zerrenda oso interesgarria eskaintzen du aurtengoak

"Zinemagileen arteko elkarrizketak" zikloaren bigarren edizioa egingo du Donostiako Zinemaldiak azaroaren hasi eta maiatzaren 26ra arte, zinemazaleak, zinema ikasleak eta zinemako profesionalak aurrez aurre jartzeko.

Ikastaroak bederatzi saio izango ditu, denak ere mundu guztiari irekiak (Koldo Mitxelena kulturunean egingo dira, eta streaming bidez zabalduko dira), eta Estibaliz Urresola, Irati Gorostidi, Maider Fernandez Iriarte, Albert Serra, Mikel Gurrea, Fernando Franco, Pilar Palomero, Alauda Ruiz de Azua, Carlota Pereda, Alberto Rodriguez, Belen Funes, Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga izango dira protagonistak.

Ikastaroak "film bat produzitu eta egiteko prozesuan ikusten ez diren alderdiak hobeto ulertzeko gakoak" eman nahi dizkie zinemazaleei, antolatzaileek azaldu dutenez.

Lehen saioan (azaroaren 3an), Estibaliz Urresola, Irati Gorostidi eta Maider Fernandez Iriarte arituko dira elkarrizketan. Azaroaren 22an, Albert Serra elkarrizketan arituko da Ariadna Ribas eta Artur Tort bere azken lanetako muntatzaileekin; eta abenduaren 13an, Mikel Gurrea zuzendari donostiarrak Laura Rubirola bere produktorea izango du mintzaide, Suro filmaz hitz egiteko.

2023ko saioak hasteko, Fernando Franco muntatzaile eta errealizadorearen eta La consagración de la primavera bere azken filmeko protagonisten, Telmo Iruretaren eta Valeria Sorollaren, arteko elkarrizketa izango da urtarrilaren 11n.

Otsailaren 16an, Pilar Palomero eta Sofia Escude izango dira protagonistak; martxoaren 9an, Alauda Ruiz de Azua (Cinco lobitos) eta Carlota Pereda (Cerdita); apirilaren 13an Alberto Rodriguez zuzendaria eta Rafael Cobos gidoilaria; eta maiatzaren 4an, Belen Funes eta Marçal Cebrian.

Bigarren edizioa ixteko, maiatzaren 26an, Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga izango dira hizlari.

Saio guztiak 19:00etan egingo dira Koldo Mitxelena kulturuneko areto nagusian. Doakoak izango dira, eta irekian eskainiko dira kulturunearen webgunean.