Zinema
Heriotza
Juan Luis Galiardo aktorea hil da
Erredakzioa
Cadizko aktorea 72 urte zituela hil da, “gaixotasun hondatzaile” baten ostean.
-
Juan Luis Galiardo aktorea. Argazkia: EFE
Juan Luis Galiardo aktorea ostiral honetan hil da 72 urte zituela, Madrileko Zarzuela Klinikan. Anabel Mateo haren prentsa buruak azaldu duenez, “gaixotasun hondartzaile” baten ondorioz izan da.
Galiardo arratsaldeko azken orduan hil da. Bere azken egunera arte lanean jarraitu du, "Gran Hotel" telesailaren grabaketa "El Avaro" antzerki lanarekin batera egiten ari baitzen.
Galiardoren gorpua Madrileko Beilatokian dago, eta erraustu egingo dute, aktoreak eskatu bezala. Familiak ohar baten bidez azken egunotan jaso duen babesa eskertu nahi izan du, eta lagunei eta kazetariei intimitate nahia errespetatzeko eskatu die.
Ibilbide profesional luzea
Juan Luis Galiardo Comes San Roken (Cadiz) jaio zen 1940ko martxoaren 2an, eta ehun film, antzezlan eta telesail baino gehiagotan parte hartu du. 1960 urtean hasi zen aktore lanak egiten, Madrilen Ekonomia eta ingeniaritza agronomo ikasketak utzi ostean.
Atzerrian ere lan egin zuen, Mexikon batik bat, hainbat paper antzeztu zituen eta telebistan ere pertsona ospetsua bilakatu zen. Espainiara itzuli zenean, Penelope Films ekoizpen-etxea sortu zuen lagun batzuekin batera.
Bere ibilbide profesionalean paper nagusiak eta bigarren mailako paperak egin zituen. Besteak beste, ondorengo lan hauetan azaldu zen: 'Soldadito español' (1988), Antonio Gimenezena, 'Don Juan, mi querido fantasma' (1989), Antonio Mercerorena, 'Pajarico' (1997), Carlos Saurarena eta 'El caballero Don Quijote' (2002), Manuel Gutierrez Aragonena.