Itxi

Zinema

Film laburrak

Kimuak katalogoa osatuko duten zazpi film laburrak hautatu dituzte

N. V. | EITB Media

60 proposamen aurkeztu dituzte zinemagileek; aukeratutako zazpi lanetatik bat da euskara hutsez, beste bat euskaraz eta frantsesez eta gainerakoak gaztelaniaz.

  • "Sorbeltza" Iban del Camporen film laburra da aukeratutako lanetako bat

    "Sorbeltza" Iban del Camporen film laburra da aukeratutako lanetako bat

Kimuak programaren epaimahaiak 26. edizioaren deialdira aurkeztutako 60 proposamenak aztertu, eta zazpi film labur hautatu ditu 2023ko katalogoa osatzeko: 'La mujer ilustrada' (Isabel Herguera), 'Sorbeltza' (Iban del Campo), 'Prioridades' (Tamara Lucarini Cortés), 'El aprendiz' (Raúl Campos), 'El rey de la semana' (David Pérez Sañudo), 'Deadly Draw (Sorteo Mortal)' (Nitya Lopez Saitua) eta 'Ximinoa' (Itziar Leemans).

Etxepare Euskal Institutuak eta Zineuskadi elkarteak sustatutako programak euskal film laburren sustapena eta zabalkundea du xede, eta, urtero bezala, euskal film laburren hautaketa nazioarteko zinema jaialdi zein ikus-entzunezko ekimen garrantzitsuenetara bidaliko dira ostiral honetatik aurrera.

Etxepare Institututik jakitera eman dutenez, Simon Blondeau Baionako Cinéma L 'Atalanteko zuzendari laguntzaile eta kultur bitartekariak, Ana Herrera Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiko ikus-entzunezko proiektu estrategikoen eta proiektu digitalen atalburuak, Txaro Landa Bilboko FAS zineklubeko zuzendariak, Jaime Manrique Bogotá-Bogoshorts Film Laburren Jaialdiaren eta Black Velvet Laborategien sortzaile eta zuzendariak eta Alberto Valverde Edinburgoko CinemaAttic plataformako programatzaileak osatu dute aurten batzordea.

Zazpi filmetako bat euskara hutsean egin da, eta beste bat euskaraz eta frantsesez; gainerakoak gaztelaniaz egin dira, eta horietako bik hindia eta bengaliera ere erabiltzen dute.