Zinema
Jaialdiak
"Robot Dreams" eta "La ermita" pelikulak Sitgeseko jaialdian izango dira
N. V. | EITB Media
Pablo Bergerrek "Robot Dreams" animaziozko filma eta Carlota Pereda madrildarrak "La ermita" euskal ekoizpena aurkeztuko dute Fantasiazko Zinemaren Kataluniako Nazioarteko Jaialdian, urrian.
-
"Robot Dreams" Sitgeseko zinema jaialdiko Sail Ofizialean lehiatuko da
Pablo Berger bilbotar zinemagilea Sitgeseko zinema jaialdiaren Sail Ofizialean lehiatuko da "Robot Dreams" animaziozko filmarekin, lan hori maiatzean Canneseko zinemaldian ere erakutsi eta gero.
Dog txakurra Manhattanen bizi da. Egun batez, robot bat eraikiko du, lagun bat. Adiskidetasuna handitzen joango da, 80ko hamarkadako New Yorken, eta elkarren hurko bihurtuko dira, min-minak. Udako gau batez, Dogek robota abandonatu beharko du hondartzan. Aurkituko dute inoiz elkar?
Abenduaren 6an iritsiko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetara.
Bestalde, Carlota Pereda madrildarrak ("Cerdita" du lehen pelikula) "La ermita" euskal pelikula aurkeztuko du Bartzelonako kostaldeko herrian, Bixagu Entretainmentek ekoitzia. EITBren parte-hartzea duen filma ere Sail Ofizialean emango dute, lehiatik kanpo baina.
Euskal Herrian filmatuta dago filma "La ermita", Belen Rueda da protagonista, eta aktore taldean ageri dira Maia Zaitegi debutaria, Josean Bengoetxea, Loreto Mauleon, Jon Olivares, Elena Irureta eta Nagore Aranburu.
Emmak (Maia Zaitegi) harremanetan jarri nahi du duela hainbat mendetatik herriko elizan harrapatuta dagoen espiritu batekin, eta Carol (Belen Rueda) medium bitxiaren laguntza lortzen saiatuko da.
Azaroaren 17an estreinatuko da "La ermita" Hego Euskal Herriko zinema aretoetan.
"30 monedas"
Horrez gain, Alex de la Iglesia bilbotar zuzendariak "30 monedas" telesailaren (HBO) bigarren denboraldia aurkeztuko du Fantasiazko Zinemaren Kataluniako Nazioarteko Jaialdian, urriaren 5etik 15era egingo dute 56. edizioan.