Itxi

Zinema

Heriotzaren urteurrena

50 urte, Marilyn gabe

Erredakzioa

41 film egin zituen eta heriotzak ikono bihurtu zuen, 36 urte zituela. Ofizialki, bere buruaz beste egin zuela esan zuten, baina gertatutakoa ez zegoen batere argi eta horrek mitoa handitu zuen.

01:23
50 urte Marilyn Monroe hil zela

1962ko abuztuaren 5ean Marilyn Monroe AEBetako aktorea hilda aurkitu zuten Hollywooden kokatutako etxean. Goizeko 03:00ak aldera, Murria giltzazain andreak ohean etzanda aurkitu zuen Marilyn, jarrera bitxian, telefonoa eskuekin helduta eta argiak piztuta zeudela.

Nenbutal sendagaiaren flasko huts batek zinema-izarrak pilula guztiak hartu zituela utzi zuen ageria. Auzitegiko medikuak Marilynen heriotza egiaztatu zuen, eta aktoreak bere buruaz beste egin zuela azpimarratu zuen.

Norma Jean Mortenson 1926ko ekainaren 1ean jaio zen Los Angelesen (Kalifornia). 1947 eta 1962 urte bitartean 41 filmetan parte hartu zuen, eta, hil ostean, ikono bihurtu zen. Gainera, modelo eta abeslari ere izan zen; guztira, 35 abesti grabatu zituen, gehienak bere filmeetako abestiak zirenak.

Marilynek zinemagintzako une handiak utzi zituen: 'The Seven Year Itch' filmean soinekoarekin egindako mugimendu sexiak edo Kennedy presidenteari abestutako "Happy Birthday", besteak beste.

Marilynen heriotza, enigma handia

Auzitegiko medikuek suizidioaren hipotesiaren alde egin bazuten ere, izarrak lagun boteretsuekin zituen harremanak konspirazio ideiak zabaldu zituen. "Heriotzaren nondik norakoak eta zergatikoak Marilyen kondaira bizirik mantentzen lagundu dute, izan ere, jazoeraren inguruko guztiak jakingura piztu du", adierazi du Marilyn Monroen aditua den Scott Fortnetek.

"Gaindosi baten ondorioz hil zela, bere buruaz beste hil zuela, hil egin zutela... Marilynen heriotzaren gaineko hainbat hipotesi daude. Kennedy familiak zerikusia izan zuela pentsatzen duen norbait ere badago, baina nire ustez, pilulen gaindosiagatik hil zen", ondorioztatu du Fortnetek.