Itxi

Zinema

Dokumentala

'2016: Obama's America', Obamaren aurkako dokumentala

Barack Obamaren balizko bigarren agintaldi baten ikuspegi tremendista erakusten du, eta Michael Mooreren filmen bertsio kontserbadorea izateko bidea hartzen ari da.

  • '2016 Obama's America' filmeko argazkia. Argazkia: 2016themovie.com

    '2016 Obama's America' filmeko argazkia. Argazkia: 2016themovie.com

"2016: Obama's America" dokumentalak AEBetako presidentearen balizko bigarren agintaldi baten ikuspegi tremendista eskaintzen du. Herrialdeko 1.800 aretotan eskaintzen ari dira, eta Michael Mooreren filmen bertsio kontserbadorea izateko bidea hartzen ari da.

Zazpi astez izan da zinema-aretoetan "2016: Obama's America" dokumentala, eta 20 milioi dolarreko irabaziak eskuratu ditu. Aurten Estatu Batuetan izan den estreinaldi komertzial arrakastatsuena izan da, eta, Los Angeles eta New Yorkeko merkatu handietan ez ezik, Anchoragen (Alaska), Wichitan (Kansas) eta beste toki txikiago batzuetan ere estreinatu dute.

Dinesh D'Souza egile kontserbadorearen "The Roots of Obama's Rage" (Obamaren gorrotoaren sustraiak) eleberrian oinarritzen da dokumentala, eta D'Souzak berak zuzendu du, John Sullivanekin batera. Obamaren aurkako ikuspegi argia izan arren, edo horrexegatik agian, milioika ikusle erakarri ditu.

Michael Moorek sekulako arrakasta lortu zuen 2004an "Fahrenheit 9/11" lanarekin. Moorek George W. Bush errepublikanoaren gobernuaren aurka egiten zuen, eta "2016: Obama's America" lanak Etxe Zurian dagoen presidentearen balizko bigarren agintaldi baten ikuspuntu apokaliptikoa azaltzen du.

Dinesh D'Souzaren arabera (berak egiten ditu kontalari lanak), "hirugarren munduko ideologia kolektibista du", eta helburua "nazioartean Estatu Batuen eragina" mugatzea omen da, Washington "indar suntsitzailea" dela uste duelako. Errepublikanoek AEBetako zinema industriaren kontrako jarrera erakutsi dute azkenaldian, eta iragan astean egoerak eztanda egin zuen Clint Eastwood aktore eta zuzendaria Errepublikanoen Biltzarrean aulki huts batekin bakarrizketa bat egiten agertu zenean. Aulki hutsean Obama presidentea zegoela irudikatu nahi zuen Eastwoodek.

"2016: Obama's America" dokumentalak azaroan presidente demokrata berriz aukeratzen badute gertatuko den “panorama iluna” marrazten du. 2,5 milioi dolarreko aurrekontua du, eta Kenyan, Indonesian eta Hawaiin grabatu dute, Obamaren familiaren arrastoari jarraituz. Ahoz aho lortu dute promozio biderik onena.

"Jendeak arrakasta ikusten du, eta "Dark Knight Rises" filmaren (Batmanen sagako azken pelikula) promoziorako aurrekontu bera dugula pentsatuko du. Hala ere, pelikula horren catering-ean gastatu dutena baino gutxiago izan da", esan du Sullivan zuzendariak New York Post-en.