Zinema
Zikloa
Euskadiko Filmategiak 70eko eta 80ko hamarkadetan jaiotako emakume zuzendarien 11 film proiektatuko ditu
N. V. | EITB Media
Euskal Emakume Zinemagileak zikloaren laugarren edizioa Tabakalerara eta Artiumera iritsiko da urri eta abendu artean, eta egileek aukeratutako dokumental eta fikziozko lanak izango dira ikusgai.
-
Susi Sanchez eta Laia Costa, "Cinco lobitos" filmean
Zikloa abiatzeko, euskal kulturako hiru figura garrantzitsuren erretratuak proposatu dituzte. Señales de vida: Néstor Basterretxea (Gentzane Martínez de Osaba eta Alejandro García de Vicuña, 2014) lanak, lehenengoak, eskultore bermeotarraren bizitza eta obra erakusten dizkigu.
Maider Oleagak, bestalde, Elbira Zipitriari egingo dio elkarrizketa (ikastolen bultzatzailea izan zen frankismo garaian) Muga deitzen da pausoa (2018) obrarekin, eta Ainhoa Urgoitiak eta Enrique Reyk Eulalia Abaitua, argazkigintzaren munduko aitzindaria, nor izan zen erakutsi digute Norberaren gela (2021) lanean.
Dokumental "pertsonalagoak" ere egongo dira zikloan, hala nola Bost minutu (Amaia Nerekan, 2021), Galiziako kartzela batean preso dagoen aita emaztearengandik eta semearengandik bereizita nola bizi den erakusten duen pelikula, eta 918 gau (Arantza Santesteban) bi urte eta erdi kartzelan emateak zer eragin izan zituen erakusten duen pelikula. Zarata (2023) lanean, aldiz, Tamara Garcia Iglesiasek bi lagunen arteko harremana erakusten du.
Alauda Ruiz de Azuak amatasunaren erretratu zehatza egin zuen Cinco lobitos lanean (2022), eta hala hartu zuten aintzat sariketetan, hamaika golardo jaso baitzituen filmak.
Zikloan, gainera, bi historia kolektibo programatu dira: Nosotras, mujeres de Euskalduna (Larraitz Zuazo, 2016) Euskalduna ontziola ixtea saihesteko borrokari buruzko filma eta Cabeza y corazón (Ainhoa Andraka eta Zuri Goikoetxea, 2021), gurpildun aulkiko saskibaloiko Espainiako emakumeen selekzioak 2020ko Joko Paralinpikoetarako txartela nola lortu zuen erakusten duen dokumentala.
Azkenik, La ama (Arantza Ibarra eta Luisje Moyano, 2016) filmak bondagearen, menderatzearen eta sadomasokismoaren munduan sartzeko proposatzen digu, eta Clara Bilbaok makien garaiari buruzko film belikoa ekarriko du: Tratamos demasiado bien a las mujeres (2024); Carmen Machi, Antonio de la Torre eta Luis Tosar dira protagonistak.