Zinema
Hitzarmena
ETBk sei milioi euro inbertituko ditu zinema proiektuetan 2012an
Euskal Irrati Telebistak eta IBAIA eta EPE/APV euskal produktore elkarteek hitzarmena sinatu dute euskal ikus-entzunezko produkzio independentea sustatzeko.
-
Akordioaren sinadura. Argazkia: EITB
ETBk 2012an, gutxienez, sei milioi euro inbertituko ditu zinema proiektuetan. Animaziozko eta fikziozko filmak eta dokumentalak egongo dira tartean.
Euskal Irrati Telebistak eta IBAIA eta EPE/APV euskal produktore elkarteek hitzarmena sinatu dute ostegun honetan, irailaren 27an, euskal ikus-entzunezko produkzio independentea sustatzeko. Ekitaldia Donostiako Zinemaldiaren barruan egin da, Kursaal Jauregian. Ituna Alberto Surio EITBko zuzendari nagusiak, Joxe Portela Ikus-Entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteko presidenteak (IBAIA) eta Carlos Juarez Euskal Produktoreen Elkarteko presidenteak (EPE-APV) sinatu dute.
Euskadiko zine eta ikus-entzunezko ekoizpenetan Euskal Telebistak izango duen partaidetza arautzen du hitzarmenak. Hartara, ETBk 2012an, gutxienez, sei milioi euro inbertituko ditu zine proiektuetan. Animaziozko eta fikziozko filmak eta dokumentalak egongo dira tartean.
EITB eta euskal produktore elkarteen arteko hitzarmena 2012ko jardunean egongo da indarrean. Hala ere, 2013ko abendura bitartean ere luzatu daiteke, aurretik beste hitzarmen bat indarrean sartzen ez bada behintzat.
Gaur sinatutako akordioak orain lau urte sinatutakoa luzera ematen dio. Alberto Surio EITBko zuzendari nagusiak adierazi duenez, lau urte hauetan 30 milio euro inbertitu dituzte ikus-entzunezko proiektuetan eta horietatik 20, zinerako izan dira.
EITBk atseginez hartu du ituna lortzea. "Ekonomikoki zaila den une honetan, hitzarmen hau erdiestea oso garrantzitsutzat jotzen dugu, egonkortasuna ematen baitu", adierazi du Alberto Surio EITBko zuzendari nagusiak.