Itxi

Zinemaldia 2024

Elkarrizketa ETBn

Rebordinos: 'Zinemaldia errentagarria da'

E.A.

Zinemaldiko zuzendariak argitu du Rajoyren Gobernuaren murrizketa ez dela behin betikoa, eta Donostiako jaialdiaren aurrekontuak gora egin behar duela uste du.

00:26
Rebordinos: 'Zinemaldia errentagarria da'

'Zinemaldia errentagarria da', esan du Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendariak ETBko ''Egun on Euskadi'' saioan egin duen elkarrizketan.

Rebordinosen hitzetan, ''erakundeei eragiten dien gastua baino irabazi handiagoa sortzen du Zinemaldiak'', eta Rajoyren Gobernuak egin nahi duen 120.000 euroko murrizketa dela-eta, neurria ez dela behin betikoa Donostiako Zinemaldiko zuzendariak esan du. ''Negoziatu beharko da'', gaineratu du.

Zinemaldiaren aldeko apustua egiten jarraitzeko eskatu die erakundeei, eta datorren urteko laguntzari bere horretan eusteko. Rebordinosen ustez,  jaialdiaren aurrekontuak gora egin behar du, eta ekarpen pribatua da, horren ustez, gakoa. ''Gure helburua laguntza publikoari eustea da, eta aurrekontua ekarpen pribatuekin handitzea'', azaldu du.

''Inori ez zaio etortzeagatik ordaintzen'', azaldu du Rebordinosek, izar handiek eragin ditzaketen gastuen harian. Zinemaldiko zuzendariak argitu duenez, ez zaizkie bidaiak ordaintzen, eta zinema-jaialdiak ostatu eta segurtasun kontuetan  gastatzen duena ''oso gutxi'' da izar horiek eragiten dutenarekin alderatuta, horren esanetan.

Izarrez betetako edizioa

''Kritika, publikoa, epaimahaia eta industria konbentzitu dugu edizio honetan'', esan du Rebordinosek ETBn. Hurrengo edizioetan ere izarren mailari eusteko gai izango ote diren galdetuta, Zinemaldiko zuzendariak argi erantzun du: ''A puntutik abiatu gara eta C puntura iritsi gara. Orain B mailan egonkortu nahi dugu'', esan du. Rebordinsen aburuz, lau zinema jaialdi handienen artean txikiena dela Zinemaldia, eta Donostiako jaialdiak nortasun propioa izan behar du.

Donostia sari gehiegi?

Rebordinosen hitzetan, ''ondo diseinatutako'' edizioa izan da aurtengoa. Donostia saria jaso duten artista kopuruaz galdetuta, Zinemaldiko buruak azaldu du kopuruak ez diola sariari balioa kentzen. ''Denek merezi zuten saria'', esan du.

Bost sarituen artean Dustin Hoffman, Ewan McGregor eta John Travolta izan dira atseginenak, Rebordinsen ustez. ''Tommy Lee Jones lotsatia da. Kamera eta publiko aurrean lotsatu egiten da'', gaineratu du.

Clint Eastwood eta Steven Spielberg, bi amets

Rebordinosek aitortu du Clint Eastwood eta Steven Spielberg ekarri nahiko lituzkeela. Ez du itxaropen handirik Eastwoodekin, baina Spielberg ez du baztertzen.