Zinema
Saria
New Yorkeko zinemaldiak Laida Lertxundi bilbotarra saritu du
'The Room called heaven' pelikula aurkeztuko du New Yorkeko zinemaldian, larunbatean, 'Abangoardiako ikuspegiak' sailean.
-
Laida Lertxundiren 'The Room called heaven'. Argazkia: Filmlinc
Laida Lertxundi zinemagile gazteak "The room called heaven" pelikula aurkeztuko du New Yorkeko zinemaldiko "Abangoardiazko ikuspegiak" sailean. 5.000 dolarreko (3.876 euro) saria lortu du zazpigarren artean egindako ekarpen "bikaina" dela medio.
Lertxundik (Bilbo, 1981) Kazuko Fundazioaren eta Lincoln Centerreko Zinema-elkartearen eskutik jasoko du saria, jaialdi horren 16. edizioaren testuinguruan. Larunbatean pelikula berria aurkeztuko du, antolatzaileek jakinarazi dutenez.
Los Angelesen (Kalifornia) bizi da zuzendaria eta San Diegoko unibertsitatean ematen ditu klaseak. Michael Robinsonekin batera jasoko du saria, eremu horretan azaldu duen lan "bikainagatik".
"A lax riddle unit" (2011) eta "Llora cuando te pase" (2010), film laburrak grabatu zituen eta 2012an Whitney Museum of American Art Bienalean parte hartzeko aukeratu dute.
New Yorkeko Arte Garaikideko Museoan (MoMa), Vienako Bienalean eta Rotterdameko Nazioarteko zinemaldian izan da Lertxundi eta Ann Arbor jaialdiko etorkizun handiko zinemagilearen saria eskuratu zuen. "The room called heaven" izeneko pelikula New Yorkeko zinemaldiaren abangoardiako sailean aurkeztuko dute. Urriaren 5etik 8ra izango da eta programazio berritzailea eskainiko du. Peter Kubelka (1934) zinemagile esperimentala omenduko dute.