Zinema
Heriotza
David Lynch zinemagilea zendu da
EITB Media
Hau haren film ulertezin horietako baten argumentua ez bada, "Twin Peaks" telesailaren sortzailea 78 urte zituela hil da.
-
David Lynch, 2019an. EFE
David Lynch zinemagile estatubatuarra zendu da 78 urte zituela, haren familiak baieztatu duenez. Hollywoodeko zuzendari handienetakoa zen, eta haren lanak misteriotsuak ziren, oso, hala nola "Mulholland Drive" filma eta "Twin Peaks" telesail mitikoa.
"Zuloa dago munduan, orain gurekin ez dagoela", adierazi dute senideek, sare sozialetan publikatutako mezu batean.
Haren filmografian azken hamarkadetako lanik garrantzitsuenetakoak daude, adibidez "Lost Highway", "Eraserhead", "The Elephant Man" eta "Blue Velvet".
Lynchen filmak konplexuak eta nahasgarriak dira, baina hark ez du inoiz azalpenik eman nahi izan. Vanity Fair aldizkariak "lynchianoa" adjektiboa asmatu zuen, "arraroak eta beldurgarriak" diren gauzak deskribatzeko.
"Begia du zentzurik ez duten zehaztasunetarako, eta gustokoa du arriskatzea; Hollywoodeko eszentriko mirestuena da", esan zuen The New York Times egunkariak hari buruz 1990an.