Zinema
Filmatze lanak
Paul Urkijo zuzendaria "Gaua" pelikula filmatzen hasi da
N. V. | EITB Media
Arabar zuzendariaren hirugarren film luzearen protagonistak Yune Nogueiras, Ane Gabarain, Elena Irureta eta Iñake Irastorza izango dira. Euskal mitologia izango du ardatz Urkijok "Irati"ren ondoren egingo duen lehen pelikulak.
-
Paul Urkijo Alijo, Yune Nogueiras eta Erika Olaizola, "Gaua" filmatzen. Argazkia: David Herranz.
Paul Urkijo zinemagilea (Gasteiz, 1984) buru, Gaua film luzea errodatzen hasi dira, eta zazpi astez izango dira lan horretan, Euskal Herriko hainbat tokitan. Errementari eta Irati filmen zuzendariaren hirugarren filma "fantasiazko eta errealitate historikoaren artean" mugituko da, oraingoan XVII. mendean girotuta, eta euskaraz ari dira filmatzen.
Gauaren protagonista Yune Nogueiras (La infiltrada, Akelarre) da, eta Ane Gabarain, Elena Irureta eta Iñake Irastorza izango ditu alboan, baita Xabi Jabato, Erika Olaizola, Manex Fuchs eta Elena Uriz ere.
Hau da EITBren parte-hartzea duen filmaren sinopsia: "Sorgin ehiza betean, Kattalin, senarrarengandik ihesi, bere baserritik aterako da gauaren erdian. Baso beltzean galduko da eta bere atzetik segika duen presentzia bat sentituko du. Ihesean dabilela, hiru emakume maitagarrirekin topo egingo du. Horiek, arropa garbitu bitartean, beldurrezko ipuinak eta herriko esamesak kontatzen dizkiete elkarri. Kattalinen harridurarako, bera izango da istorio horien protagonista".