Zinema
41. edizioa
'La infiltrada'k jaso du film onenaren saria Gasteizko Zinemastean
agentziak | eitb media
Publikoak 'Soy Nevenka' saritu du, eta Estibaliz Urresolak eraman du Arabako zinemaren saria.
-
Zinemastean sarituak. Argazkia: Zinemastea
Arantxa Echevarria bilbotarraren La infiltradak irabazi du pelikula onenaren saria Zinemastearen 41. edizioan, Vital Fundazioak antolatzen duen euskal zinemaren festibalean. Gainera, Diego Anidok bigarren mailako aktore onenaren saria eskuratu du pelikula horretan egindako lanagatik.
Publikoak, berriz, Iciar Bollainen Soy Nevenka saritu du. Vital Fundazioak Estibaliz Urresolari eman dio Arabako zinemagintzako profesional onenaren Gutako Bat saria, eta EITBri, Zinemastearen Sari Berezia, euskal ikus-entzunezkoen sektoreari ematen dion babesagatik.
Larunbat honetan izan da jaialdiaren itxiera eta sari-banaketa ekitaldia, Jon Plazaolak eta Maria Cruickshankek aurkeztuta. Araba izan da protagonista nagusia, zinema egiteko eszenatoki gisa duen erakargarritasuna azpimarratu dute, eta bertan izan dira Araban grabatutako pelikuletan parte hartu duten protagonistetako batzuk.
Epaimahaiak Nacho Vigalondo ere saritu du Daniela forever lanean zuzendari eta gidoilari gisa lan bikaina egiteagatik, eta Miren Gaztañagak aktore nagusi onenaren golardoa eskuratu du Azken erromantikoak filmean egindako lanagatik.
Zinemasteak antolatu dituen bederatzi saioetan 2.400 ikus-entzule joan dira film edo hitzaldietara.