Itxi

Goya

39. edizioa

"La infiltrada"k film onenaren Goya saria irabazi du "El 47"rekin batera "ex aequo"

N. V. | EITB Media

Arantxa Echevarria bilbotarrak zuzendu duen filmak bi sari irabazi ditu, film onenarena eta emakumezko aktore onenarena. "Marco" filmak ere bi sari irabazi ditu, eta Alberto Iglesias konpositore donostiarrak hamabigarren Goya saria eraman du.

0:35

Espainiako Zinema Akademiak Goya sarien 39. edizioaren banaketa ekitaldia ospatu du gaur, otsailak 8, larunbatarekin, Granadako Erakusketa eta Kongresu Jauregian.

Sariaren 39 edizioetan lehenengoz, bi pelikulak irabazi dute film onenaren saria, ex aequo: El 47k eta La infiltrada Arantxa Echevarria bilbotararen filmak. Azken horrek ETAn infiltratu zen Espainiako Polizia Nazionaleko agente baten benetako istorioa du kontagai, eta, sari nagusiaz gain, emakumezko aktore onenaren saria ere irabazi du, Carolina Yustek egindako lanari esker. EITBren parte-hartzea duen filma 13 sailetan zegoen izendatuta.

Marco Moriarti zinemagileen hirukotearen filmak ere bi sari irabazi ditu. Eduard Fernandez kataluniar aktoreak gizonezko aktore onenaren saria eraman du gipuzkoar zuzendarien filmean Enric Marcorena egitearren. CNTko idazkari nagusia izan zen Marco, eta Flossenbürgeko kontzentrazio esparruan egon zelako istorio faltsua zabaldu zuen.  Karmele Solerrek, Sergio Perez Berbelek eta Nacho Diazek makillaje eta ile-apainketa onenaren Goya saria irabazi dute film horretan bertan egindako lanari esker. Solerren bigarren Goya saria da, 2012an La piel que habito filmagatik irabazi zuenaren ondoren.

Siker, Perez Berbel eta Diaz, saria jasotzen. Argazkia: Efe.

Soler, Perez Berbel eta Diaz, saria jasotzen. Argazkia: Efe.

Alberto Iglesias donostiarrak ere errepikatu du Goya sariaren irabazle gisa, bere kasuan jatorrizko musika onenaren atalean hamabigarrenez. The room next door Pedro Almodovarren lanagatik irabazi du saria konpositoreak, eta Goya gehien dituen pertsona da sarien historian.

Cafuné animaziozko film labur nafarra ere saritu dute dagokion sailean. Lorena Ares eta Carlos F. de Vigoren lana pertsona migranteen aldeko ipuin ederra da.

'Cafuné' filmaren egileak

'Cafuné' filmaren egileak

Gainera, Semillas de Kivuk film labur dokumental onenaren Goya saria eraman du. Kongoko Errepublika Demokratikoko gerrara hurbiltzen da Uniko eta Amania Films euskal ekoiztetxeen parte-hartzea duen pelikula.

Orotara, El 47 filmak bildu ditu sari gehien, bost, eta Segundo premiok eta La habitación de al ladok hiruna sari lortu dituzte. Marcok eta La infiltradak bezala, La virgen rojak eta La guitarra flamenca de Yerai Cortések bina sari beretu dituzte.

Miguel Rios granadar abeslariak eman dio ongietorria, bere hirian, galari, "Bienvenidos" abestiaren doinupean. Maribel Verdú eta Leonor Watling aktoreek aurkeztu dute ekitaldia, eta Valentziako urriko uholdeen biktimak hartu dituzte gogoan ekitaldiaren hasieran.

Aitana Sanchez Gijon aktoreak Ohorezko Goya saria irabazi du gaurko galan, bere ibilbidearen omenez, Maribel Verdu lankide eta adiskidearen eskutik.

Aitana Sánchez Gijón. Argazkia: Efe.

Aitana Sánchez Gijón. Argazkia: Efe.

Marisa Paredes berriki zendutako aktorearen hitzak bere eginda, saridunak esan du ez garela kulturaren beldur izan behar, "axolagabetasuna, gezurra, fanatismoa eta indarkeria" direlako benetan beldurgarriak. Paredes bat etorriko zela gehitu du, eta "inperialismo berriak eta garbiketa etnikoak" salatu ditu.

Sanchez Gijonek 40 zuzendari baino gehiagorekin lan egin duela adierazi du, baina zeregin hori bete duten lau emakumeak azpimarratu ditu. "Zorionez, gauzak aldatzen ari dira, eta askoz gehiago dira sektorearen arlo guztietan", esan du.

Bestalde, Richard Gere estatubatuar aktoreak Nazioarteko Goya saria jaso du Antonio Banderas aktorearen eskutik. Days of Heaven, An Officer and a Gentleman, The Cotton Club, Pretty Woman eta Chicago filmen protagonista sari hau jaso duen laugarren interpretea da Cate Blanchett, Juliette Binoche eta Sigourney Weaverren ondoren.

Richard Gere. Argazkia: Efe.

Richard Gere. Argazkia: Efe.