Itxi

Zinema

Filmatzea

Prime Videok Catherine Zeta-Jones Bilbora ekarriko duen ekoizpena egingo duela baieztatu du

N. V. | EITB Media

"Kill Jackie" seriea Nick Harkawayren eleberri batean oinarrituta dago, eta martxoan hasiko dira filmatzen Bilbon, Lisboan, Londresen eta Swansean.

  • Catherine Zeta-Jones aktorea. Argazkia: Rene & Radka

    Catherine Zeta-Jones aktorea. Argazkia: Rene & Radka

Prime Video etxeak baieztatu du 2025eko martxoan Kill Jackie seriea, Catherine Zeta-Jones aktorea protagonista duen mendekuari buruzko thrillerra, filmatzen hasiko dela, eta Bilbon, Lisboan, Londresen eta Swansean grabatuko dutela.

Britainiar seriea Nick Harkaway idazleak Aidan Truhen ezizenez idatzi zuen eleberri batean oinarrituta dago, eta, konpainiak zabaldu duen informazioaren arabera, Erresuma Batuan, Irlandan, Herbehereetan, Turkian, Alemanian, Austrian, Suitzan, Liechtensteinen, Luxenburgon eta Kanadan egongo da ikusgai 2026an.

Zeta-Jones Jackie Price izango da seriean, kokainarekin trafikatu eta aberastu eta gero besteengandik ezkutuan hogei urtez luxuzko bizimodua izan duen emakume aberatsa. Halako batean, Zazpi Demonioak taldeko sikarioak bera hiltzeko ahalegin betean ari direla jakingo du, eta aurrea hartzen saiatuko da, bera haiek hiltzen. Barne deabruak azaleratuko zaizkio, halere.

Kill Jackie zortzi ataleko seriea izango da, eta Deabru Kalea Filmeak gainbegiratuko du Bizkaian egingo den lana.