Itxi

Zinema

Otsailak 24 – martxoak 1

Punto de Vistak 60 pelikula proiektatuko ditu hemeretzigarren edizioan

N. V. | EITB Media

Zinema Dokumentalaren Nafarroako Nazioarteko Jaialdiaren Sail Ofizialeko 17 pelikulak pelikula onenaren, zuzendari onenaren eta film labur onenaren sariak, publikoaren eta gazteriaren saria irabazteko lehian izango dira.

  • "Cambium" Marina Lameiro eta Maddi Barberren filma Sail Ofizialean lehiatuko da

    "Cambium" Marina Lameiro eta Maddi Barberren filma Sail Ofizialean lehiatuko da

Punto de Vista Zinema Dokumentalaren Nafarroako Nazioarteko Jaialdiaren hemeretzigarren edizioa otsailaren 24tik martxoaren 1era egingo dute, Iruñean, eta 60 pelikula proiektatuko dituzte, zortzi espaziotan.

Manuel Asin jaialdiaren zuzendari artistikoak karguan egingo duen azken edizioaren atarian azpimarratu duenez, Punto de Vista "berebiziko hitzordua izango da ostera ere zinema dokumentalaren panoramako ale kritiko eta berritzaileenetako batzuk aurkitzeko".

Punto de Vistak 70 emanaldi programatu ditu guztira zortzi espaziotan: Baluarte, Golem zinema aretoak, Oteiza Museoa, Civivox Condestable, Civivox Mendillori, Ziutadela, Nafarroako Filmoteka eta Txintxarri taberna.  

Saioetako sarrerak 3 euroan egongo dira salgai, eta batzuk doakoak izango dira.

Sail Ofizialerako, 17 pelikula aukeratu dituzte, hamar film luze eta zazpi film labur, eta bost sari emango dituzte: pelikula onenaren Punto de Vista sari nagusia, zuzendari onenaren Jean Vigo saria, film labur onenaren saria, EITBk babestua, pelikula onenaren publikoaren saria eta pelikula onenaren gazteriaren saria. Gainera, nazioarteko epaimahaiak bi aipamen berezi egin ahalko ditu.

Cambium dago film horien artean, Marina Lameiro eta Maddi Barber nafar zinemagileen lana. Nafarroako Pirinioetako komunitate baten istorioa du kontagai: pinudi bat moztea erabakiko du, antzinako soroak eta larreak berreskuratzeko.

Zinema ez ezik, musika ere badago programan, kontzertuak, DJ saioak eta irratsaioak, besteak beste Olaia Inziarte, Rig3l, Juárez, Edu Errea, Dayanna, Leeharvey eta /Göo! Artisten eskutik.