Itxi

Zinema

Jaialdia

"Faisaien irla"k irekiko du Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldia

N. V. | EITB Media

"Mugako thriller"a Asier Urbietaren lehen film luzea da, eta Jone Laspiur eta Sambou Diaby dira protagonista nagusiak. Apirilaren 4an proiektatuko dute, Donostiako zinema jaialdia abiatzeko.

  • Itziar Ituño eta Jone Laspiur, "Faisaien irla"n

    Itziar Ituño eta Jone Laspiur, "Faisaien irla"n

"Faisaien irla" Asier Urbietak sei astez Irunen, Hendaian eta Donostian filmatutako pelikulak irekiko du Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldia, programazioa apirilaren 4tik 11ra zabalduko duen zinema topagunea.

Jone Laspiur eta Sambou Diaby protagonistak ez ezik, Itziar Ituño eta Josean Bengoetxea aktoreak ere agertzen dira filmean, Urbietarekin batera Andoni de Carlos Goya saridunak (Handia, 2017) idatzi duen pelikulan.

Aurreko edizioetan bezala, 2025eko jaialdiak hainbat eta hainbat gai eta istorio jorratuko ditu pelikulen bidez: eskubide zibilen aldeko borroka AEBn, Souleymane Parisen jatekoa etxez etxe eramaten lan egiten duen ginear migrantearen bizimodu bizia eta Mexiko Hiriko espazio publikoetako emakume garbitzaileen istorioak, adibidez.

Lagos hirian, Nigerian, beren etxeak ez galtzeko borrokan ari diren pertsonen berri ere jakingo dugu, eta Ceausescuren erregimenaren azken garaian zein 1968ko Pragako Udaberrian girotutako istorioak ikusiko ditugu.