Itxi

Zinema

OSCAR SARIAK

'Anora', 'Conclave' eta 'Emilia Perez' pelikulek azken lehia dute Oscar sarietan

Agentziak | EITB MEDIA

Publizitate kanpaina biziak eta zenbait kasutan Oscarretarako bidea ilundu duten eztabaidak nabarmendu dira orain arteko ekitaldietan.

  • Oscarrak

    Oscarrak. Argazkia: EFE

Anora, The Brutalist, Conclave eta Emilia Perez pelikulek azken lehia dute igande honetan Oscar sarien zeremonia entzutetsuan. Gaur arteko ekitaldietan, publizitate kanpainak eta zenbait kasutan Oscarretarako bidea ilundu duten eztabaidak nabarmenu dira.

Lau film luze horiek lehiatuko dira Hollywoodeko Akademiaren sariak banatzeko ekitaldi nagusian, pelikula onenaren golardoa eskuratzeko borrokan. Wicked, Nickel Boys, Un completo desconocido, La sustancia, Aún estoy aqui eta Dune (bigarren zatia) ere ageri dira hautagaien artean.

Hiru astez Hollywoodeko lurrak kiskali zituzten Los Angelesko suteak piztu baino bi egun lehenago, Urrezko Globoek sarien denboraldia abiatu zuten urtarrilaren 5ean, Brady Corbeten The Brutalist hautatuta dramazko pelikula onena jasotzeko. Bestalde, Jacques Audiarden Emilia Perez musikala saritu zuten komedia onenen artean.

Bi pelikula horien arrakastarako bidea lerrokatu zuten, beraz, Urrezko Globoek, eta Emilia Perezen indarra sendotu zuten Hollywoodeko Akademiak hari emandako 13 izendapenek.

Sustapen kanpainan zehar, biak ala biak polemika betean murgilduta egon dira, baina. Corbeten filmak kritikak jaso zituen Adrien Brodyren eta Felicity Jonesen ahotsetan, hungariera kutsua doitzeko, adimen artifiziala erabiltzeagatik. Karla Sofia Gaston Emilia Perez pelikulako protagonistak, bestalde, txio batean komentario arrazistak eta xenofoboak egin zituen, eta horrek ere hautsak harrotu zituen zinemaren munduan zein hortik kanpo.

Bide aldapatsu horretan, ordea, Audiarden filmak ingelesa ez den hizkuntza bateko BAFTA eta Kritikaren sariak eskuratu zituen, eta The Brutalistek zuzendari onenaren saria eman zion Corbeti sari britainiarretan, eta aktore onenaren golardoa Brodyri kritikarien sarietan.

Kritikaren sarietan, Anora film luzeak urratsa eman zuen Oscar sarietarako lehian, urteko pelikula onena izendatu baitzuten.

Dena den, kinieletan faborito jo duten sariak Ekoizleen Sindikatuarenak izan dira, urteko ekoizpen onena izateagatik saritu zutelako. Zuzendarien Sindikatuak, gainera, Bakerri eman zion zinemagile onenaren golardoa.

Conclavek ere bereganatu du zinemazaleen arreta BAFTA sarietan izandako arrakastari esker —pelikula onena eta Britainia Handiko pelikula onena izendatu zuten—, eta ezustekoa eman zuen Aktoreen Sindikatuaren sarietan, sari nagusia jasota.

Izendatutako gainerako pelikulek bide apalagoa egin dute orain arte. Aurrekontu handiko pelikula bada ere, Wicked ez zen Urrezko Globoetan nabarmendu.

Un completo desconocido, La sustancia eta Aún estoy aquí pelikulei dagokienez, batez ere protagonisten paperak nabarmendu dira orain arteko lehian.

Dune eta Nickel Boys ere izango dira Oscarretarako lehian.