Itxi

Zinema

Estreinaldiak

James Bonden 'Skyfall', estreinaldien artean aipagarriena

James Bonden 23. pelikulaz gain, Bradly Cooperen thriller bat, Adrien Brodyren drama bat eta Espainiako hiru film estreinatzen dituzte zubi honetan.

01:40
'Skyfall', estreinaldien arteko harribitxia

Munduko agente garrantzitsuena, James Bond, bueltan da 23. pelikularekin, "Skyfall". Asteko estreinaldien zinta garrantzitsuena da 007 agentearen lan berria. Gainera, Bradly Cooperen thriller bat estreinatuko dute eta baita Adrien Brodyren drama bat, Espainiako hiru film berriz gain.

Sam Mendesek zuzentzen du James Bonden 23. pelikula, "Skyfall", inoiz egin den psikoanalitikoena eta mingotsena. Daniel Craigek 007 agentearen papera hartzen du berriz ere eta Silva da pelikularen gaizkilea. Javier Bardem aktoreak hartzen du paper hori. Ralph Fiennes, Judi Dench eta Naomie Harris dira pelikularen beste protagonistak.

Bradly Cooperen ikuspegi komikoa azaleratu zenetik, protagonista papera onartzeko orduan thrillerretara egin duela dirudi. Horrela agertzen da "El ladrón de las palabras" pelikulan, Brian Klugmanek eta Lee Sternthalek zuzendu eta idatzi duten lana, hain zuzen ere.

Adrien Brody da "El profesor" laneko protagonista, ikasleekin oso ondo konektatzen duen ordezko irakaslea. Denboraldi motzetan izaten da eskoletan eta ezin du inon sustraiak jarri, baina institutu berezi batera helduko da. Etorkizunik gabeko gazte bat kaletik ateratzea lortzen du eta nolabait, betirako erlazioa izatea lortuko du.

Espainian egindako animaziozko pelikula da "Apostólo", beldurrezko, fantasiazko eta umorezko istorioa, stop-motion bidez egina. Fernando Cortizok zuzentzen du eta Luis Tosarren, Carlos Blancoren, Jorge Sanzen, Paul Naschyoren eta Geraldine Chaplinen ahotsa du, Philip Glassen soinu bandarekin. 

"Paranormal Activity" eta "Insidious" pelikulen ekoizleen eskutik heldu da "Sinister", estreinaldien aste beldurgarrienean. Ethan Hawke du protagonista, eleberri idazle bat. Kasualitatez, pelikula zatiak aurkitzen ditu bere etxean.

Paula Echevarriaren jarraitzaileak zorionekoak dira, "Vulnerables" estreinatzen baitu. Miguel Cruz Carreterok zuzentzen du, berria zinema munduan baina telebistan ibilbide luzekoa. Argamasilla de Alba Gaztelako herrian gertatzen da.

Maxi Valerok zuzentzen du "El hombre de las mariposas" eta Lluis Soler, Ana Milan eta Claudia Silva dira protagonistak. Oso ezberdinak diren bi pertsonen istorioa da, baina elkar ulertu eta zaindu behar dute.

Alemaniako "Ralf Köning, rey de los cómics" pelikula dokumentala Berlinen, Buenos Airesen eta Donostiako Zinemaldian aurkeztu dute. Ralf König komikigile europear garrantzitsuenetariko baten pentsamendua eta lana aztertzen ditu.