Zinema
Bosgarren edizioa
Zinebi Express, 48 ordutan grabatutako film laburren lehiaketa
Erredakzioa
Bilboko Campos Antzokian izena eman beharko dute talde parte hartzaileek. 700 euroko saria jasoko du talde irabazleak.
-
Zinebi Expresen bosgarren edizioaren kartela. Argazkia: Zinebi Express
Bilboko Zinebi Express lehiaketaren bosgarren edizioa izango da aurten. Mundu osoko zuzendari zein ekipo tekniko eta artistikoek parte har dezakete lehiaketan. Film laburra grabatu, editatu eta entregatzeko, 48 orduko epea izango du talde bakoitzak. Aurreko edizioan 21 taldek parte hartu zuten.
Aurkeztutako film laburrek zenbait baldintza bete beharko dituzte, adibidez, iraupen minimoa 3 minutukoa izan behar da eta maximoa 10 minutukoa eta film laburrak izan ditzakeen kanpoaldeak Bilbon grabatu behar dira esklusiboki. Izena ematerakoan antolakuntzak DV zinta bana emango die talde bakoitzari.
Larunbat honetan, Bilboko Campos Antzokian, 9:30-10:30ak bitartean izena eman beharko dute lehiaketa “express” honetan parte hartu nahi duten taldeek. Bertan film laburrek jorratu behar duten gaiaren berri emango dute antolatzaileek. Azaroaren 12an, astelehena, 18:30-19:30ak bitartean eta toki berean entregatu beharko dituzte parte hartzaileek film laburrak.
Film labur hoberenen proiekzioa eta sari banaketa azaroaren 15ean izango da, arratsaldeko zortzietan, Campos Antzokiko Cupula Aretoan.
Sariak
700 euroko saria jasoko du talde irabazleak, 400 euroko saria bigarren postua lortzen duen taldeak, eta aurten, berrikuntza gisa, hirugarren sari bat egongo da: hirugarren postua lortzen duen taldeak, taldearentzako afari bat jasoko du.
Lehiaketaren oinarriak Zinebi Express lehiaketaren webgune ofizialean ageri dira.