Zinema
HERIOTZA
Gene Hackman bihotzeko arazo batengatik hil zen, eta haren emaztea hantabirusak jota, astebete lehenago
agentziak | eitb media
Aktorea otsailaren 18an hil zela uste dute, bihotzeko arazo larri baten ondorioz, eta pianista, karraskarien gorotzetik kutsatzen den gaixotasun batengatik.
-
Hackman, pelikula batean lanean.
Gene Hackman bihotzeko arazo batengatik hil zen, ziurrenik Betsy Arakawa emaztea baino astebete geroago. Azken hori hantabirusak jota hil zen, Mexiko Berriko estatuko agintariek ostiral honetan jakinarazi dutenez.
"Nondik norakoak aztertuta, zentzuzkoena da Arakawa anderea lehenago hil zela ondorioztatzea", adierazi du Heather Jarrel medikuak, Mexiko Berriko auzitegi-medikuen buruak, prentsaurreko batean.
Horren esanetan, litekeena da 95 urteko aktorea otsailaren 18an hil izana, taupada-markagailuaren datuek hori iradokitzen baitute, eta alzheimerrak ere eragin handia izan omen zuen haren heriotzean.
Aktorea "oso osasun egoera txarrean zegoen. Bihotzeko gaitz larria zuen, eta uste dut hori izan zela azkenean heriotza eragin zioena", medikuaren arabera.
Bestalde, agintariek zehaztu dute 63 urteko emaztearen bizitzaren azken arrastoa otsailaren 11n izan zela, farmazia baten zaintza kamerek grabatu zutenekoa. Ordutik aurrera, ez zen posta elektronikoz gehiago komunikatu.
Jarrellek azaldu duenez, hantabirusa karraskarien gorotzetik kutsatzen den gaixotasuna da, eta gripearen antzeko sintomak sor ditzake.
Otsailaren 26an aurkitu zituzten bien gorpuak, bigarren heriotza izan eta zortzi egunera.
Arakawaren gorputik gertu hilda aurkitu zuten txakurrari dagokionez, Erin Phipps Mexiko Berriko Osasun Publikoko albaitariak esan du animalia horiek ezin dutela hantabirusa hartu, eta ez du baztertu goseak hil izana.