Zinema
Maiatzak 2-10
"Hallow road" filmak irekiko du Bilboko Fant jaialdia
N. V. | EITB Media
Fantasiazko Zinemaren Bilboko jaialdiaren 31. edizioa maiatzaren 2tik 10era izango da.
-
Leatherface "The Texas Chain Saw Massacre" filmeko protagonistarena da aurtengo irudia
Fant Fantasiazko Bilboko Zinema jaialdiaren 31. edizioa maiatzaren 2an hasi eta hilaren 10ean bukatuko da. 19 film luze eta 30 film labur lehiatuko dira zinemaldian, eta "Hallow road" Babak Anvarren filma izango da ikusleek gozatuko duten lehen lana, Rosamund Pikek eta Mattwhew Rhysek filmatu duten thriller psikologikoa.
"Ilusioz eta begirada berri batez" ekingo dio Amaia Domingo zuzendari berriak jaialdiari, baina zinemaldiari urte hauetan guztietan izaera berezia eman dioten elementuei eusteko asmoz, prentsaurrekoan azaldu duenez.
BBK Aretoa, Azkuna Zentroko zinema aretoak eta Campos Eliseos antzokia izango dira ostera ere jaialdiaren egoitza nagusiak, eta azken horretan izango da, maiatzaren 2an, irekiera ekitaldia. "Hallow road" ez ezik, hamar euskal film labur ikusi ahalko dira ekitaldi horretan: "A-Maniki" (2025, Elixabet Nuñez); "Una carroña" (2024, Daniel Alegrete); "Deja de hablarme" (2024, Laura Guerricaechevarria); "Ehiza" (2024, Aitzol Saratxaga); "Etorriko da eta zure begiak izango ditu" (2024, Izibene Oñederra); "Gizaki" (2024, Xanti Rodriguez); "Hotz" (2024, Lander Castro); "Planetagatik" (2024, Eneko Muruzabal Elezcano); "Presencia" (2024, Igor Salutregi Gabiola); eta "Tragedium" (2024, Gaston Haag).
Aurtengo irudi ofiziala Leatherface "The Texas Chain Saw Massacre" filmeko protagonistarena da.
Horrez gain, dagoeneko iragarrita zeuden saridunei bi izen batu zaizkio: Eva Llorach Ohorezko Fant sariaren hirugarren irabazlearena eta Enrique Buleo Fantrobia sariaren irabazlearena.
"Timestalker" Alice Lowe aktore eta zuzendariaren, Fantasiazko Izarra sariaren irabazlearen, filmak itxiko du jaialdia maiatzaren 9an, BBK Aretoan.