Zinema
Film laburrak
Kimuak katalogoa osatuko duten zazpi film laburrak aukeratu dituzte
N. V. | EITB Media
Filmetako bi euskara hutsean eginak daude, beste bat euskaraz, gaztelaniaz eta marokoar darijaz, eta lauk gaztelania dute hizkuntza nagusi.
-
"Erreka zoko hortan" Ekaitz Bertizen filma da aukeratuetako bat
'Dicen que tu padre' (Aitor Abio), 'El regalo' (Lara Izagirre), 'Erreka zoko hortan' (Ekaitz Bertiz), 'Habana industrial' (Ainhoa Ordoñez Yraolagoitia), 'La mancha del jaguar' (Ricardo del Conde), 'Ultramarino' (Maren Zubeldia eta Silvina Guglielmotti) eta 'Sueños de viernes' (Harrotu Ileak kolektiboa) dira Kimuak katalogoaren 2025eko uztarako aukeratutako zazpi lanak.
41 proposamen aurkeztu dituzte 28. edizio honetan, eta aukeratutako zazpi lanetatik bi euskara hutsean eginak daude, beste bat euskaraz, gaztelaniaz eta marokoar darijaz, eta lauk gaztelania dute hizkuntza nagusi.
Etxepare Euskal Institutuaren eta Zineuskadi elkartearen bitartez egituratzen den Kimuak programak euskal film laburren sustapena eta zabalkundea du xede, eta aurtengo hautaketa epaimahaikide hauen esku egon da: Aitor Oñederra Animadeba Debako Animazio Zinemaren Nazioarteko Jaialdiaren sortzaile eta zuzendaria, Alejandra Trelles Uruguaiko Zinematekako zuzendari artistiko eta Uruguaiko Nazioarteko Zinemaldiko zuzendaria eta Maria Juarez Directed by Women Spain jaialdiaren zuzendaria.