Zinema
Fantasiazko zinema
"Death is a problem for the living", Fant Bilboko jaialdiko film luze onena
N. V. | EITB Media
Teemu Nikkiren komedia beltzak eraman du fantasiazko zinemaren jaialdiko sari handiena. Euskal film labur onenaren saria Igor Salutregi Gabiolaren "Presencia" pelikularentzat izan da.
-
"Death is a problem for the living"
Fant fantasiazko zinemaren Bilboko jaialdiaren 31. edizioaren palmaresa iragarri du gaur, ostiralarekin, antolatzaile taldeak. Sariok gaur banatuko dituzte, itxiera galan, eta palmares nagusia bihar, larunbatarekin, proiektatuko dute BBK Aretoan.
Diana Rojok, Justo Ezenarrok eta Soy Una Pringadak osatutako epaimahaiak Teemu Nikkiren "Death is a problem for the living" filmari eman dio Sail Ofizialeko film luze onenaren saria.
Film laburrei dagokienez, Sail Ofizialeko film labur onenaren saria Adrian Cacciolaren "Game over" filmarentzat izan da, eta film horrek berorrek irabazi du Sail Ofizialeko Europako Fantasiazko Film Labur Onenaren Zilarrezko Méliès Saria.
Gainera, Igor Salutregi Gabiolaren "Presencia" aukeratu dute euskal film labur onena. Kasu honetan, epaimahaiak nabarmendu du "lanak bitarteko handirik gabe erakusten duela ideia on bat eta interpretazio natural bat besterik ez dela beharrezkoa istorio original bat lortzeko".
Euskal Gidoigileak elkarteak ematen duen Sail Ofizialeko Film Luze baten Gidoirik Onenaren Saria merezi duen titulua Shannon Tripletten "Desert road" filma izan da, eta Zuzendaritza Berritzaileenaren FAS Zineklub Saria Jeffrey St. Jules zuzendariaren "The silent planet" filmari eman diote.
Bestalde, Euskal Aktoreen Batasunak (EAB) erabaki du euskal film laburretan ikusitako interpretazio onena Eguzki Zubiak "Una carroña" filmean egindakoa dela.
Ikusleek Chito S. Roñoren "Espantaho" filmari eman diote Sail Ofizialeko Film Onenarentzako Publikoaren Saria, eta Sail Ofizialeko film labur onenarena Daniel Alegreteren "Una carroña"ri.
Euskarazko film labur bat ekoizteko proiektu onenaren EITB saria Nitya Lopezen "Exodo" lanarentzat izan da.