Zinemaldia
Sail berria
'Savage cinema': Aurrera jauzika
Aurreko edizioan 'Big Friday' ekimenak lortu zuen arrakastaren ostean, 'Savage cinema' saila jarri dute martxan, abenturako eta akzio-kirolei buruzko zinemarik onenarekin.
"Big Friday" ekimenak iaz izan zuen arrakastaren ostean, "Savage Cinema" saila aurkeztu dute Zinemaldiko arduradunek. Abenturako eta akzio-kirolei buruzko zinemarik onena izango dugu Donostiako Zinemaldian.
"Savage Cinema" sailak ateak irekiko dizkie filmatzeko, ekoizteko eta istorioak kontatzeko teknika berrienei. Orain arte oso gutxitan erabili izan dira teknika horiek muturreko kirolei buruzko filmak egiteko, eta sailaren helburua lan horien kalitatearen bilakaera erakustea da.
Anoetako belodromoan eta hiriko beste hainbat aretotan eskainiko dituzte proiekzio zirraragarri horiek, protagonistak eta zine-zuzendariak bertan direla. Aukera ezin hobea izango da ikusleek kirol horiek sortzen dituzten sentsazioak hurbiletik ezagutzeko, balentria gogoangarrienetako ia-ia protagonista sentituko baitira. Horixe baita filmon helburua: ikuslea hainbat lekutara eramatea, bestela ezagutuko ez lituzkeenak, ez fisikoki, ez emozionalki.
Eskalada, elurretako eta mendiko kirolak, surfa eta skateboarda izango dira gutxienez bost izenburuk osatuko duten programazioan ikusiko diren filmetako protagonistetako batzuk. Genero eta iraupen mugarik edo bestelako muga formalik ez dagoenez, lekua izango da dokumentalentzat, film laburrentzat, baita zinema esperimentalarentzat eta fikziozko lanentzat ere.
Savage Cinema lehiaketaz kanpoko saila izango da Zinemaldiaren barruan, eta bere hautaketa-batzorde propioa izango du, honako hauek osatuko dutena: Maialen Beloki (Donostia Zinemaldiko Zuzendaritza eta Hautaketa Batzordeetako kidea), Phillip Manderla (RBMHko film luzeen arduraduna) eta Sancho Rodríguez (Savage Cinema sailaren koordinatzailea).