Zinemaldia
Jaialdia
Jean-Pierre Jeunetek eta Helena Bonham Carterek itxiko dute Zinemaldia
"Amelie" filmaren zuzendaria eta Britainia Handiko aktorea Donostian izango dira irailaren 28an "The Young and Prodigious T.S. Spivet" filmaren munduko estreinaldian.
-
'The Young and Prodigious T.S. Spivet'. Argazkia: Zinemaldia
"The Young and Prodigious T.S Spivet", Jean-Pierre Jeunet zuzendariaren film berriaren munduko estreinaldia Donostia Zinemaldiaren amaiera-ekitaldian izango da, irailaren 28an. Galan izango dira filmaren zuzendaria eta Kyle Catlett eta Helena Bonham Carter protagonistak.
Filma Jean-Pierre Jeunet zinemagile frantziarraren azken lana da. Zuzendariarenak dira, halaber, egungo zinemaren klasiko handietako bat, Amelie (2001); Delicatessen (1991) eta La cité des enfants perdus (Haur galduen hiria, 1995); Alien Resurrection (1997); Un long dimanche de fiançailles (Ezkongaietako igande luzea, 2004), eta Micmacs à tire-larigot (2009). Jeunetek berak aurkeztuko du filma Kursaal Auditoriumean eta Antonio Elorza belodromoan.
The Young and Prodigious T.S. Spivet filmak Kyle Catlett eta Helena Bonham Carter ditu protagonista, eta Zinemaldiaren klausura-galan izango dira. Filmean parte hartu duten aktoreen zerrenda honako hauek osatzen dute: Judy Davis, Callum Keith Rennie, Robert Maillet eta Dominique Pinon.
Filma hiru dimentsiotan filmatuta dago, eta T.S. Spivet du protagonista, Montanako arrantxo batean bizi den hamabi urteko jenioa. Kartografiarako eta asmakarietarako duen talentu izugarriak laster izango du ordaina. Zientzia-erakunde batek prestigio handiko saria emango dio eta herrialde erdia zeharkatu beharko du haren bila joateko.