Zinemaldia
Sarrerak
Zinemaldirako sarrerak, salgai
Erredakzioa
Sail Ofizialetako galetarako sarrerak (Inaugurazioa, Donostia Sariak eta Klausura) ostiral honetako 09:00etan jarri dituzte salgai eta gainontzeko sesioetarako hilaren 15ean jarriko dituzte.
Donostiako Zinemaldirako ostiral honetan jarri dituzte salgai, 09:00etatik aurrera. Sail Ofizialeko galetarako sarrerak (Inaugurazioa, Donostia Sariak eta Klausura) izango dira salgai orduan eta gainontzeko saioetarako, igandean izango dira eskuragarri.
Sarrerak Interneten eskuratu daitezke, Zinemaldi Plazako leihatiletan (Kursaal jauregiko beheko solairuan), Kursaal Zentroko leihatiletan (Sail Ofizialeko abonamenduak eta 10 sarreratik beherako erosketak), Victoria Eugenia Antzokian, Antzoki Zaharrean, Príncipe zinema-aretoan (hilaren 20tik aurrera) eta Trueba eta Antiguo Berri zinema-aretoaetan (hilaren 21etik aurrera).
Antonio Elorza Belodromoko sarrerak Anoetako Estadioko 23. leihatilan ere izango dira salgai, saioak hasi baino bi ordu lehenago.
Saio bakoitzeko gehienez 4 sarrera erosi ahalko ditu pertsona bakoitzak. 7,20 euro balio duten saioetarako 10 sarrera baino gehiago erostean %25eko deskontua egingo da salmenta-kanal guztietan eta leihatilatan.
Bestalde, Kutxabanken Gazte Txartela dutenek (Gaztekutxa, Visa K26 eta Vital Gazte) %50eko deskontua izango dute sarrera bakoitzean, K1-eko galatan eta Antonio Elorza Belodromoko saioetan izan ezik. Gainera, 1,00 € bakarrik ordainduko dute euskarazko azpitituluak dituzten filmetan.
Urrezko Txartela, Kutxa-Donostia Kultura eta Gazte Txartela dutenek % 10eko deskontua izango dute 7,20 € balio duten saioetan. Deskontua egiteko Zinemaldiko leihatiletan, Kursaalen eta Victoria Eugenian erosi beharko dituzte sarrerak. Txartel guzti horiek baliagarriak izango dira Internet bidezko erosketetan, Gazte Txartela izan ezik; azken hori leihatiletan baino ezingo da erabili.
Kursaaleko Sail Ofizialerako gutxieneko eserleku kopurua gordeko da arratsaldeko eta gaueko saioetarako, emanaldiaren egun bereko 17:00etatik aurrera Kursaal Zentroko leihatiletan.
Donostia Zinemaldiko antolatzaileek gogoratu dutenez, jaialdiak ez ditu eserlekuak zenbakitzen.
1.000 sarrera, donostiar langabeentzat
Donostiako Udalak Sail Ofizialeko pelikulak ikusi ahal izateko 1.000 sarrera jarriko ditu langabeen eskura. Txartelak datorren astean hartu ahal izango dira, hilaren 17tik 20ra. 09:00etatik 11:00etara banatuko dituzte, udaletxean bertan, Udalinforen bulegoetan.
Duela bi urte abiatu zen ekimen hau, eta harrera ona egin diote herritarrek: iaz, bi egunetan agortu ziren eskuragarri jarri zituzten 800 sarrerak. Aurten, 1.000 banatuko dituzte.
Aurrekoetan bezala, 18 urtetik gorakoa donostiarrentzat da eskaintza, eta horiek langabe txartela erakutsi beharko dute. Etxeko, hiru pelikulatarako bina sarrera hartu ahalko dira; hau da, sei sarrera guztira, lanik ez duen pertsona bakoitzeko.