Itxi

Zinemaldia

61. ZINEMALDIA

Donostia, zinema baino askoz gehiago

Erredakzioa

Zinema aitzakia ona da egunotan Donostiara joateko, baina, bertan egonda, gauza piloa egin daiteke pelikula eta pelikula artean. Hona zinezko hiri ederrean murgiltzeko zertzelada batzuk.

  • Kontxako badia. Argazkia: Jose Maria Vega.

    Kontxako badia. Argazkia: Jose Maria Vega.

Donostia dotorea, txukuna, fina, apaina da. Itsasoak bustitako hiria izanik, euskal hiribururik turistikoenak munduko badiarik ederrenetakoa du, Kontxakoa, eta hiru hiri-hondartza (Kontxa, Zurriola eta Ondarreta) aurki ditzakegu bertan. Igeldo eta Urgull mendiez eta begiratokiz (Ulia eta Santa Klara uhartea) inguratuta dago Urumea ibaiaren ertz bietan barrena zabaltzen den hiria.

Urteak joan urteak etorri, jatorrizko kutsu erromantikoari eutsi dio erdiguneak. Hainbat eraikin adierazgarri hartzen ditu, hala nola egunotan sona berezia hartzen duen Maria Cristina hotela, Victoria Eugenia antzokia bera, Udaletxea eta Artzai Onaren katedrala.

Eraikin historikoak eta modernoak tartekatzen dira Gipuzkoako hiriburuan, eta bertako toki ezagunenetako bi Rafael Moneok diseinatutako Kursaal jauregia –egunotan zinemazale askoren topalekua da hau ere– eta Chillidaren Haizearen Orrazia, Donostiako ikurrik ospetsuenetako bat, azpimarratu behar dira. Alde Zaharra da hiriaren ardatza: eraikin esanguratsu ugari biltzen du eta, bisitariek berehala ikasiko duten bezala, donostiar gastronomia eta pintxoak dastatzeko toki bikaina da. Munduan, metro koadroko, Michelin izar gehien dituen hiria dugu Donostia, baina gustu guztiak asetzeko moduko eskaintza zabala ematen du.

Hiria, oro har, laua denez gero, paseatzea gustuko dutenek oinez zein bizikletaz zeharka ditzakete Donostiako kale, parke eta lorategiak, eta itsasertzeko pasealekuetan brisa izango dute lagun, gainera.

Denda eta aisialdi eskaintza aberatsa eta jarduera kultural bizia ditu hiriak, Zinemaldiak irauten duen asteaz haraindi doazenak: Donostian aisialdia betetzeko hamaika aukera daude urte osoan. Museoek (San Telmo Museoa, Ontzi Museoa, Aquariuma eta Zientziaren Kutxagunea, besteak beste) ere helmuga erakargarri bihurtzen dute Gipuzkoako hiriburua.

Horrez gainera, urtez urte, tradiziorik errotuenak (Danborrada, San Tomas eguneko azoka eta traineruen estropadak, gutxi batzuk bakarrik aipatzearren) bizirik iraunarazi dituzte donostiarrek.

Nahi adina proposamen ditu eskura, beraz, bisitariak, zinemarako harra ase ondoren zein gustuko pelikula hasteko ordua heltzen den arte, egunotan zinemaren munduko hiriburu bihurtzen den honek eskaintzen duenaz gozatzeko. Donostian, pantailetara ez ezik, beste toki askotara ere begira daiteke; izan ere, urte osoan zehar, baina, batez ere, sasoi honetan, asko dago ikusteko.