Zinemaldia
ZINEMALDIKO AURPEGIAK
Jose Luis Rebordinos, Zinemaldiko zuzendaritzan sendotuta
Erredakzioa
2011. urtean hasi zen Zinemaldia zuzentzen, besteak beste Mikel Olaziregiren eta Diego Galanen lekukoa hartuta. Rebordinosek 15 urte baino gehiago daramatza, nolanahi ere, zuzendaritza batzordean.
-
Jose Luis Rebordinos, Zinemaldiko zuzendaria
Jose Luis Rebordinos Errenterian jaio zen, 1961ean, eta Pedagogia Berezian lizentziaduna da. Urte asko daramatza Donostiako zinemagintzari lotuta: azken 22 urteetan Donostia Kultura Unitateko zuzendaria izan da, 21 urtez Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko buru jardun zuen eta 8 urtez Giza Eskubideen Zinemaldia gidatu zuen.
Liburugintzan ere aritu da aurretik Rebordinos. 22 urte egin ditu Nosferatu liburu bilduma zuzentzen, eta hainbat euskal zinemagileren inguruko makina bat liburu sortzen aritu da: Elias Querejeta, Montxo Armendariz, Antxon Eceiza, Julio Medem, Javier Aguirresarobe... Asiako zinemaz eta beste gai batzuez ere idatzi ditu liburuak Rebordinosek. 2011ko urtarrilaren 1ean Donostiako Zinemaldia zuzentzen hasi aurretik, 15 urte egin zituen zuzendaritza batzordean.
Proiektuaren lehen lau urteetan, Kimuak film laburren bildumaz ere arduratu zen Rebordinos, eta proiektu horrek nazioartean erdietsi duen oihartzunean zeresana eduki zuen, hortaz. Horrez gain, Nantesko zinemaldiaren administrazio kontseiluko kidea izan da, eta lau urtez Eusko Jaurlaritzak gidoiak garatzeko ematen dituen laguntzetarako batzordean izan da.