Itxi

Zinemaldia

ZINEMALDIA

Koloretsu eta alai hasi da Zinemaldia

Natxo Velez | eitb.com

Aurtengo karteleko koloreek zipriztindutako eszenatoki batean, Annette Beningek eta Oliver Stonek jaso dituzte txalo gehien. Aurretik ditugun zortzi egunetan, zinemak aginduko du Donostian.

1:23

Ikuskizun musikal batek eman die ongietorria Zinemaldiko hasiera galako aurkezleei, Unax Ugalderi eta Cayetana Guillen Cuervori, eszenatoki koloretsura. Industriaren eta sortzaileen alde hitz egin dute agurrean aktoreek, gala osoan bezala euskara eta gaztelania tartekatuz, "garai latzetan lagundu egiten digutelako".

Hasteko, Zinematografiako Prentsaren Nazioarteko Federazioak urteko film onenaren sari nagusia eman dio "La Vie d'Adèle – Chapitre 1&2" Abdellatif Kechiche zuzendariaren filmari. Prentsari eskerrak eman dizkio zuzendariak garaikurra jasotzeko orduan, bere lana zabaltzen lagundu diolako.

Jarraian, Hirokazu Kore-eda zuzendariak, Zinemaldiko ohiko parte-hartzaile batek, Nagisha Oshimaren omenezko atzerabegirakoa aurkeztu du. Kode-edak azaldu duenez, ez du bere burua Oshimaren jarraitzailetzat, nahiz eta zenbaitetan kritikariek halakotzat hartu duten, baina haren lana goraipatu du. Gero, atzerabegirakoko protagonistaren alargunak bidalitako bideo hunkigarri bat ikusi da aretoan.

Geroago, hainbat aktore eta zinemagilek Zinemaldiko atalak aurkeztu dituzte; Michelle Yeoh aktorea (Culinary Cinema), Bruno Bettati (Horizontes Latinos), Sara Cozar euskal aktorea (Zinemira), Bill Plymton animatzailea (Animatopia) eta Terry Gilliam taularatu dira, besteak beste.

Oliver Stone eta Annette Benning

Aurreikusi bezala, Oliver Stonek eta Annette Beningek jaso dituzte txalo gehien. Taularatzen lehena zuzendaria izan da. Zinemaldian egotea ohore handia dela esan du, eta egunero ikusleekin hitz egiteko prestasuna agertu du.

Perlak sailak aurkezteko, Annette Beningek hartu du hitza, txalo zaparrada luzea eten denean. Donostian egotea ohorea dela esan, eta denak bertan batu dituena zinemarako maitasuna dela adierazi du.Oso pozik agertu da Warren Bettyren emaztea, lau urte geroago Donostiara itzuli delako.

Gero, bideo batean Sail Ofizialeko filmak erakutsi ostean, epaimahikideek hartu dute eszenatokia, Todd Haynes presidentea buru zela. Euskaraz bota du agurra Haynesek, "Gabon, Donostia", eta, alde egin aurretik, "eskerrik asko" ere esan du. Filmak ikusteko irrikan dago Haynes, eta "mundu mailako zinema onenarekin gozatzea" oso aberasgarria izango dela uste du. Christine Vachon iazko epaimahaiko presidentearen bidez Donostiaren berri bazuela gehitu du, eta lanean hasteko gogo biziz agertu da ostera ere.

Haren ostean, Campanellak hartu du hitza, eta, txantxetan, horrenbeste izar distiratsuren ostean bere burua tokiz kanpo zegoela esan du, Arturo Valls "Futbolina" filma bikoiztu duen aktoreak lagunduta. Bere pelikula pantailaratu aurretxoan, hamar urteko haur bilakatzeko eskatu die gonbidatuei, eta, aurrerantzean Zinemaldian film sakonak ikusteko aukera nahikoa egongo denez, "ondo pasatzeko, haur gisa sentitzeko" pelikulak dirauen artean.

"Futbolina" filmaren aurkezpenak itxi du ekitaldia. Galarako aukeratutako jantzi dotoreekin batera, 3Dko pelikuletarako betaurrekoak jartzeko eta "Futbolinaz" gozatzeko unea heldu da orduan.