Itxi

Zinemaldia

EGUNEKO HITZORDUAK

Artegatasun eta iluntasunerako txanda, Zinemaldiaren azken txanpan

Natxo Velez | eitb.com

Atom Egoyanek "Deabruaren korapiloa" hiru umeren hilketari buruzko film misteriotsua aurkeztuko du. "Hitz egin ezin duten horientzat" bosniarra ere emango dute, gerrak utzi zituen zaurien oroigarri.

  • Atom Egoyan

    Atom Egoyan, Donostiara heldu zenean

Atzoko pelikulek harrera hotza jaso eta gero, gaur, Hugh Jackmanek Donostia hankaz gora jartzeko bezperan, Atom Egoyan jatorri armeniarreko kanadar zuzendariaren estilo ilun eta pertsonala eta Jasmila Žbanic sarajevoar zuzendariaren film bat egongo dira ikusgai. Azken horrek australiar turista batek Visegrad herria bisitatzean jaso zuen kolpea du kontagai: Balkanetako gerraren oinordekotza, basakeria, ankerkeria eta zauri irekiak.

"Deabruaren korapiloa" lanak Colin Firth eta Reese Whiterspoon ditu protagonista, eta zuzendaria eta "Burdinbideko gizona" filmarekin atzo ere Sail Ofizialean egon zen aktorea berriro elkarrekin lanean erakusten ditu, "Where the truth lies" pelikularen ostean. Herri txiki batean hil zituzten hiru haurri buruzko egiazko kasu batean dago oinarrituta misteriozko film artegagarri hau. Poliziak hiru nerabe, "Memphiseko Hirurak", identifikatuko ditu, erritual sataniko batean krimena egin izana egotzita. Egia, ordea, are izugarriagoa izan daiteke oraindik, hildako haurretako baten ama eta ikertzaile pribatu bat gauzak diruditena ez bezalakoak izan daitezkeela susmatzen hasiko baitira... 1993an AEBetan hautsak harrotu zituen istorioa, Egoyanen iragazki ilun eta itogarritik pasatuta.

Agidanean, eguneko bigarren proposamenak ez du iluntasuna garbitzen lagunduko: ez dio goizari baikortasunik ekarriko. "Hitz egin ezin duten horientzat" lanean, Kym turista australiarrak Bosniara bidaiatzea erabakiko du. Bidaia-gidak Bosnia eta Serbia arteko mugan dagoen Visegrad herri historikoraino eramango du. Vilina Vlas hotel "erromantikoan" gau osoa begiak bildu ezinik igaro ostean, Kymek gerran zer gertatu zen jakingo du. Ordutik aurrera, ezingo da turista arrunta izan, eta ez du bere aurreko bizitza berreskuratzerik izango.

Bestelako eskaintzak

Bestalde, Perlak sailean, François Ozon iazko Urrezko Maskorraren irabazlearen film berria emango dute: "Jeune et Jolie"; hamazazpi urteko neska baten erretratua da, lau urtarotan zehar eta lau abestiren bitartez.

Halaber, 20:00etan EOSek zinemako musikaren kontzertua emango du bere egoitza nagusian. Andres Salado madrildarraren zuzendaritzapean, Emilio Aragon, Angel Illarramendi, Pascal Gaigne, Pablo Cervantes, Fernando Velazquez eta Zacarias M. De la Riva konposatzaileen lanak eskainiko dituzte.