Zinemaldia 2024
Laugarren edizioa
Zazpi film luze eta lau film labur, aurten Culinary Zinema atalean
Erredakzioa
Lehendabiziko aldiz, programatutako filmek Tokyo Gohan Film Festivalek ematen duen sari bat jasotzeko aukera izango dute.
-
Joxe Mari Aizega, Thomas Struck eta Jose Luis Rebordinos. Argazkia: EiTB.
Basque Culinary Centerrek, Donostiako Zinemaldiak eta Berlingo nazioarteko zinema-jaialdiak Culinary Zinema sailaren programazioa aurkeztu dute gaur.
Culinary Zinema zinema eta gastronomia uztartzen dituen sailaren laugarren edizioari irailaren 20an emango zaio hasiera The Hundred-Foot Journey filmaren eskutik. Filma zaporez gainezka dator eta Helen Mirren oscar-irabazlea du protagonista, Lasse Hallström zinemagile ospetsua zuzendari, eta Steven Spielberg eta Oprah Winfrey, berriz, ekoizle.
Film-sortarekin batera, ohi denez, nazioarteko ospea duten hainbat sukaldarik prestatutako afari tematikoak eskainiko dira Basque Culinary Centerren eta Ni neu, Tenis Ondarreta eta Mirador de Uliako jatetxeetan.
Horrez gain, aurten lehendabizikoz, Tokyo Gohan Film Festivalekin lankidetzan arituko da Culinary Zinema. Tokyoko jaialdiak aukeratutako epaimahai batek 10.000 euroko saria emango dio Donostiako Zinemaldiko atal honetan programatutako filmetako bati.
Culinary Zinema saileko proiekziorako eta afarirako txartel bateratuak irailaren 1ean ipiniko dira salgai, 57,20 euroan, Zinemaldiaren ohiko kanaletan.
The Hundred-Foot Journey, Buscando a Gastón, Foodies, Little Forest - Natsu & Aki / Little Forest - Summer / Autumn, Recipe, Soul of a Banquet eta Steak (r)evolution film luzeak eta Nerua, un viaje a la esencia, Brooklyn Farmer, Hozour / Presence eta Txipirones en su tinta (Txipiroiak bere tintan) film laburrak emango dituzte irailaren 20tik 26ra.