Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

'Loreak' eta 'Lasa eta Zabala'

Bi euskal film, Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean

Erredakzioa

ETBk bi filmotan parte hartu du. 'Loreak' (Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga) Urrezko Maskorrerako lehian, izango da eta 'Lasa eta Zabala' (Pablo Malo) lehiaketatik kanpo erakutsiko dute.

1:28
Zinemaldia Loreak

Loreak Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren filma Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean izango da, gaur Donostiako jaialdiak Madrilen egin duen aurkezpenean iragarri dutenez.

Gainera, lehiaketatik kanpo, Lasa eta Zabala Pablo Maloren filma ere izango da atal nagusian.

Gaur, Donostiako 62. Zinemaldian, datorren irailaren 19tik aurrera, ikusi ahal izango diren eta Estatuan ekoitzi diren pelikulak aurkeztu dituzte, Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiaren egoitzan. José Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak eta Maialen Beloki Zuzendaritza Batzordeko kideak sail bakoitzean aurkeztuko diren pelikulen berri eman dute.

Aurten interes handiena piztu duten pelikuletako batzuk Zinemaldian izango dira. Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga, Alberto Rodríguez (Grupo 7) eta Carlos Vermuten lan berrienak Sail Ofizialean lehiatuko dira; Isaki Lacuesta eta Pablo Maloren pelikula berriak, berriz, lehiaketatik kanpo aurkeztuko dira.

Bestalde, Roberto Castón eta Hermes Paralluelo Kutxa-Zuzendari Berriak sarirako hautagai izango dira.

Ohikoa denez, Zabaltegi sailak ere Estatuan ekoitzitako dokumental, fikziozko film luze eta film labur sorta bat hartuko du, eta, tartean, Negociador Borja Cobeagaren lana eta Koldo Almandozen, Asier Altunaren eta Aitor Arregiren azken film laburrak emango dituzte. Horizontes Latinos eta Perlak sailetan, hiru koprodukzioren Estatu mailako estreinaldia egingo da, eta beste bi film aurkeztuko dira, emanaldi berezien bidez (En tierra extraña, Iciar Bollainen dokumentala) eta Belodromoan (Dixie eta matxinada zonbia, Ricardo Ramon eta Beñat Beitiarena).

Aurkezpenean, Rebordinosek Alex Angulo zena gogoan hartu du, hunkituta, eta nola edo hala jaialdiak gogoratu egingo duela adierazi du.