Itxi

Zinemaldia

Donostiako Zinemaldia

Benicio del Torok jasoko du bigarren Donostia saria

Erredakzioa

Perlak sailari amaiera emango dion "Escobar: Paradise Lost" filmeko protagonista da aktorea. Donostian pelikula aurkezten eta saria jasotzen izango dela baieztatu du Del Torok.

Benicio del Torok jasoko du aurtengo bigarren Donostia saria, Zinemaldiaren 62. edizioan. Bere ibilbidearen aitortza egingo diote sari horrekin. Denzel Washington aktore estatubatuarrak ere jasoko du Donostia saria. Uztailean eman zuten honen berri antolatzaileek.

Escobar: Paraside Lost pelikulako protagonista da Del Toro, eta, hain zuzen, film horrekin itxiko dute aurten Perlak saila. Puerto Ricoko aktoreak baieztatu duenez, Donostian izango da irailean, bere lana aurkezten eta saria jasotzen.

Andrea di Stefanok idatzi eta zuzendu du Escobar: Paraside Lost pelikula. Chapter 2 eta Roxbury etxeek ekoitzi dute, Pathe Internationalek merkaturatuko du nazioartean eta Ameriketako Estatu Batuetan Radius/TWC banatzaileak zabalduko du. Josh Hutcherson (Hunger Games), Claudia Traisac eta Carlos Bardem dira filmeko beste protagonistak.

Ibilbidea

Aktorearen ibilbide oparoa txalotu nahi du Zinemaldiak sari horrekin. Ameriketako Estatu Batuetako Zinema Akademiak antzeztaldeko aktore onenaren Oscar saria eman zion Steven Soderberghen Traffic pelikulagatik, eta Alejandro Gonzalez Iñarrituren 21 Grams (21 gramo) filmean egindako lanagatik Oscar sarietarako izendatu zuen.

Aurrerago, Soderberghekin berriro lan egin zuen, Che Guevarari buruzko Che film biografikoko protagonista gisa. Bere interpretazioagatik 2008ko Cannesko zinema-jaialdiari bukaera emateko ekitaldian gizonezko aktore onenaren Urrezko Palma jaso zuen, eta hurrengo urtean, gizonezko aktore onenaren Goya saria.

Joe Johnstonen The Wolfman filmeko protagonistetako bat ere izan zen, Emily Blunt eta Anthony Hopkinsekin batera, eta Oliver Stoneren Savages filmean Lado pertsonaia nagusiaren papera egin zuen.

Horrez gain, Jimmy P. filmean, Jimmyren rola bete zuen (2013ko Canneseko zinema-jaialdian eman zuten filma). Pantailan, Walt Disney Pictures eta Marvel etxeen zientzia-fikziozko Guardians of the Galaxy akziozko pelikulan agertu da azkenekoz, 2014ko abuztuan.

Del Toro Puerto Ricon jaio eta Pennsylvanian hazi zen. Kaliforniako Unibertsitatera joan zen (San Diego), eta han, ikasleek sortutako lan askotan aritu zen. Horietako bati esker, New Yorkeko Lafayette antzokiko antzerki-jaialdi batean parte hartu zuen. Stella Adler kontserbatorioan ikasi zuen, Arthur Mendoza tutore zuela.

'Escobar: Paradise Lost'

Escobar: Paradise Lost zinta luzean Pablo Escobar interpretatzen du Del Torok. Nick surflari gaztea da filmeko protagonista. Kolonbiara anaia bisitatzera doan gaztea da, eta han, Maria izeneko neska batez erabat maiteminduko da. Guztia perfektua izango da, neskaren osaba, Pablo Escobar, ezagutu arte.