Itxi

Zinemaldia

Zinema, errege

Denzel Washington Donostian da jada

Erredakzioa

AEBko aktore eta zuzendariak Donostiako 62. Zinemaldiko Donostia Saria jasoko du inaugurazio galan.

Zinemaldiaren aurtengo edizioan, hasiera-hasieratik egongo da emozioa puri-purian. Hasi eta berehala, inaugurazio ekitaldian bertan, Denzel Washington newyorktar aktoreak Donostia Saria jasoko du, edizio honetan banatuko dituzten bietako lehena.

Donostiako Zinemaldiko 62. Edizioko izar handiak sinpatia eta gertutasun handia izan du jarraitzaileekin, Gipuzkoako hiriburura iritsi denean, ostiral honetan.

Washington 14:20an agertu da, Donostiako Maria Cristina Hotelaren aurrean. Hainbat zale zeuden itxaroten, eta aktorea irribarretsu zuzendu zaie, alfonbra gorrira eraman duten autotik jaitsi bezain laster.

Arropa informalaz jantzita azaldu da, txandal-galtza, kamiseta eta txapel beltz bat zeramatzala. Aktore ospetsuak ia ordu laurden eman du jarraitzaileei agurtzen, autografoak sinatzen eta argazkiak ateratzen.

Zaleekin egon ostean, Denzel Washington Maria Cristina hotelera sartu du, Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariarekin batera.

Lehenengoz 1986an eman zuten Donostia Sariaren bidez, aktorearen ibilbide profesional osoaren balioa aitortu nahi dute antolatzaileek. Aurretik, zinemaren historian toki berezia duten aktore askok jaso dute golardoa, hala nola Gregory Peckek, Bette Davisek, Lauren Bacallek, John Malkovichek, Sean Pennek eta Woody Allenek.

Denzel Washingtonek “The Equalizer” Antoine Fuquaren filma aurkeztuko du Donostian. Washingtonek ez ezik, Benicio del Toro puertorricar aktoreak ere jasoko du Donostia Saria. Ostiralean izango da, irailaren 26an.

Irekiera gala

21:00etatik aurrera, Kursaalek donostiar topaldiaren 62. edizioaren irekiera gala hartuko du. Edurne Ormazabalek eta Karra Elejalde aktoreak gidatuko duten ikuskizunean, zinemagintzaren beste ordezkari batzuek parte hartuko dute, hala nola Maribel Verduk, Unax Ugaldek, Cayetana Guillen Cuervok, Mireia Gabilondok, Eduard Fernandezek eta Imanol Ariasek. Gala guztien nondik norakoak zuzenean jarraitu ahal izango dira, eitb.eus-en, streaming bidez.