Itxi

Zinemaldia 2024

Irekiera gala

Zinemaldiak zabaldu du bere eskaintza: ekin!

Natxo Velez | eitb.com

Alex Angulo, Javier Ibarretxe eta Nestor Basterretxea, euskal zinemagintzak aurten galdu dituen ordezkari nabarmenak, gogoan hartuta hasi da aurten zinemaren Donostiako jai handia.

Alex Angulo zena gogoan hartuta hasi da Donostiako 62. Zinemaldiaren irekiera gala. Bizkaitar aktorearen ahotsaren oihartzunak zabaldu du aurtengo edizioa, zinemaren aldeko gorazarre batek, Edurne Ormazabal eta Karra Elejalde aurkezleek hitza hartu aurretik. Erandiotarra ez ezik, Javier Ibarretxe ekoizlea eta Nestor Basterretxea zinemagilea ere oroitu dituzte galan.

Jarraian, urteko film onenaren Fipresci saria eman diote “Boyhood” lanari: Richard Linklaterren film dirdiratsuak merezi izan du aurten nazioarteko kritikarien saria. Oharkabean igaroagatik unibertsala den prozesua, bidea, kontatzen du film estatubatuarrak, forma iraultzaile eta funts hunkigarriz: umetasunetik nerabezarorako iraganaldia. Horretarako, aktore zerrenda berarekin lan egin du Linklaterrek, hamabi urtez. Zuzendariak bideo baten bidez eskertu du saria.

Maribel Verdu eta Unax Ugalde aktoreek hartu dute gero hitza, Zinemaldiaren alderdi ezberdinak aletzen joateko: Zinemaldiak profesionalei eskaintzen dizkien aukerak, Culinary Cinema atala…

Nicole Brenez Zuzendari Berriak saileko eta Sara Silveira Horizontes Latinos saileko epaimahaiburuek, bestalde, beren sailen nondik norakoak azaldu dituzte gero.

Mireia Gabilondo aktoreak genero-zinemaren laudorioa egin du ondoren, eta Zinemaldian ohikotik ateratzen diren pelikuletarako tokia dagoela ekarri du gogora. Aurten denetariko filmak izango dira donostiar pantailetan: zientzia-fikzioa, drama, komedia, animazioa, musikala, dokumentala…

Han-hor-hemen, mundu osoko zinemaldi nagusietan, erakutsitako filmen lagina den saila, Perlak, ere aurkeztu dute gaurko ekitaldian, baita Zinemaldiak “etorkizuneko zinemagileei” zabaltzen dizkien leihoak ere.

Horren ostean, Ormazabalek Sail Ofizialeko aurtengo epaimahaikideak aurkeztu ditu: Fernando Bovaira, Vlad Ivanov, Eric Khoo, Natassja Kinski, Mariana Rondón, Marjane Sartrapi, Reinhold Vorschneider eta Oleg Sentsov; Bovaira presidenteak lanari “itxaropentsu” aurre egingo diotela hitzeman du. Gainera, Karra Elejaldek Oleg Sentsov ohorezko epaimahaikidearen egoera azaldu du: zinemagilea preso dago, Ukrainan, sobietar errepublika ohian izandako protestetan parte hartu zuelako.

Amaitzeko, “The Equalizer”, galaren ostean proiektatu duten pelikula, aurkeztu dute. Film gogorra, biolentzia erakuspen ugarikoa, egin du Antoine Fuquak, “Training Day”ren ostean berriz ere alboan Denzel Washington aktorea izan duelarik.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Zinemaldia